Ainhoa Aldazabal
Ainhoa Aldazabal

"Gautxoriak gauari"

2021/11/21
Eguzkia gorde eta eguzkia esnatu bitarteko orduak dira nire espazio gogokoenak. Izarrak etxeko leihotik baino edozein herriko plazatik ikusi ahal izatea maite dut. Eta maite dut ordu txikitan ilargia agurtu, keinu egin eta bere argitan dantza egitea. Maite dut astean zeharreko gaueko isiltasuna, lasaitasuna, bakea. Eta baita barixaku eta zapatuetako zurrunbiloa, zarata, kantuak ere. Edo jaietako musika, lurrak nola bibratzen duen jendeak elkarrekin dantza egiten dugunean, elkarrekin egotearen plazer hutsez. Maite dut ordu txikiak arte kalean egotea. Maite ditut eguzkia erretiratu osteko elkarrizketak, luzeak, amaigabeak, infinituak eta isiltasunez beteak.  Maite dut domeketan nola zinematik atera eta asteburuari minutuak gehitu nahian  gutxitzen den jendea kalean, ikusitakoari buruzko hitz aspertu interesgarriak egiten.

Maite dut kalean hotz eta ilun denean  etxeko argi txikia piztu eta mantapean berotan sartzea. Kanpoan dena arrotz denean erraietako sua hauspotu eta gauak esaten didana aditzea. Maite dut gauak nola usaintzen duen. Eta zer ikusten dudan eguneko argia itzaltzen denean. Gauean denbora nola pausatzen den maite dut. Astiro, poliki, geldo, mantso. Maite dut besteak lo daudenean ni esna geratzea. Edo oheratzen naizen lagunekin puzkerren zaratak egitera jolastea. Eta zentzurik gabe barre egitea. Zentzurik gabe barre egitea maite dut. Ilunetan gertatzen diren elkarrizketa sakonak maite ditut, argirik gabe baina bestearen begiak ikusteko besteko aukera dagoenean. Eta gauetan irakurtzen diren liburuak maite ditut. Loari orduak lapurtuta irakurtzen diren horiek.