"Gazteen ideiak" (Arantza Alvarez, sexologoa)

2016/02/26
Gipuzkoako 13 eta 18 urte bitarteko gazteek amodio erromantikoari buruz dituzten ideiak aztertzeko asmoz egindako ikerketa-lana aurkeztu zuen joan den otsailaren 12an Gipuzkoako Medicus Mundik. Helburua gazteek amodioaz eta sexoaz espero dutena jakitea zen, eta baita amodioak eta sexuak harreman afektibo zein sexualetan duten eragina ezagutzea ere. Gainera, ikerketaren bidez,  gazteen osasun sexual eta afektiboan eragina izan dezaketen iritzi negatiboak antzeman nahi izan dira.
Emaitzak oso interesagarriak eta, aldi berean, kezkagarriak izan dira. Ikertzaileek 8 ondorio nagusi atera dituzte:
1) Gazteen ustetan, egoera ideala bikotea izatea da, eta bikoterik ez izatea hil edo biziko porrota da.
2) Gatazka harremanarekin lotuta doala uste dute, baita bortitza denean ere.
3) Bikotekidearen etengabeko presentzia eta kontrola gero eta normalagoak dira, eta        horretan teknologia berriek (whatsapp...) zerikusi handia daukate.
4) Sexuen arteko desberdintasun batzuk barneratzen dituzte oraindik, batez ere bakoitzak harremanean daukan paperari dagozkionak.
5) Oraindik homosexualitatea eta bisexualitatearekiko gutxiespen-jarrera nahiko irekiak gertatzen dira.
6) Gorputza desio eta kontsumo objetu gisa ikusten jarraitzen dute, gehienbat emakumezkoena.
7) Praktika sexualei buruzko informazioa badaukate, baina oraindik zailtasunak dauzkate horiek gestionatzeko eta norberaren irizpideak ezartzerako orduan.
8) Genero arteko indarkeria, fisikoa batipat, euren bizitzatik kanpo dagoen zerbait bezala ikusten dute. Euren buruari ez diela eragingo uste dute.