Gazteon garaia
Gaur egungo testuinguru global ezegonkorrean, gero eta nabarmenagoa da herriek beren etorkizuna modu burujabean eraikitzeko beharra. Krisi ekonomiko eta sozialek, gerrek eta ideologia erreakzionarioen gorakadak mundua etengabeko tentsioan kokatzen dute, eta horrek zalantzan jartzen du herri askoren etorkizuna. Testuinguru horretan, Euskal herriak ezin du kanpoko dinamikek markatutako norabidean beste pausorik eman, bere aitortza politikoa eta erabakitzeko eskubidea ukatuak izaten jarraitzen baitute.
Egoera horren aurrean, gero eta argiagoa da alternatiba propioak eraikitzea dela bide bakarra. Eta alternatiba horiek ez dira hutsetik sortzen, herriaren antolakuntzan, kontzientzian eta borrokan oinarritzen dira. Zentzu horretan, gazteriaren papera erabakigarria da. Gazteak izan dira historikoki eraldaketa prozesuen motor, eta gaur egun ere hala izateko baldintza guztiak daude. Hala ere, egungo belaunaldiak aurrean dituen erronkak bereziak dira, prekarietatea, lan baldintza kaskarrak eta etorkizunerako ziurgabetasuna pairatu beharra dugu herri honetako gazteek.
Testuinguru horrek arriskua dakar, etsipena eta desaktibazioa nagusitzea. Hala ere, aukera bezala ere ikus daiteke. Egoeraren larritasunak antolatzeko beharra agerian uzten du, eta gazte askok gero eta gehiago ikusten dute kolektiboki antolatzea dela benetako irteera. Gazteak aktibatzea, sareak ehuntzea eta borroka politikoa egituratzeko espazioak sortzea ezinbestekoa dira gaur egungo testuinguruaren aurrean.
Independentzia, ikuspegi horretan, ez da helburu abstraktu edo urrun bat. Tresna politiko eta sozial bat da, herri justuago bat eraikitzeko aukera ematen duena. Herri bat, non gazteek ez dugun prekarietatean bizitzera kondenatuta egon behar, baizik eta duintasunez bizitzeko baldintzak izango ditugun. Horregatik, independentziaren aldeko borroka lotuta dago gazteon eguneroko behar eta nahiekin.
Azken batean, une honek konpromisoa eskatzen du. Ez da nahikoa egoeraren diagnosia egitea; beharrezkoa da pausoa ematea, antolatzea eta kolektiboki jardutea. Etorkizuna ez dago idatzita, baina eraiki daiteke. Eta horretan, gazteok funtsezko subjektu gara: gure esku dago gaurtik hasita biharko Euskal Herria nolakoa izango den erabakitzea.