Gorrotatzea
Oso hitz potoloa iruditu zait beti gorrotatzea. Zerk eraman zaitzake zu bezalako beste pertsona bat gorrotatzera? Oraindik gutxiago gorroto hori beste pertsonaren ezaugarriren batengatik bada, izan jatorria, izan sexu orientazioa. Hau idaztean, hiztegian ari naiz begiratzen gorrotatzearen sinonimoak eta denak dira gogorrak: higuindu, ezin ikusi, detestatu, hastiatu. Antonimoak ordea, sentitu izan ditut pertsonengatik: estimatu, preziatu. Zorteduna izango naiz, egon badaudelako pertsonak beste pertsona batzuk gorrotatzen dituztenak.
Lakuako Segurtasun Sailak argitaratutako Gorroto Gertakariei buruzko txostenaren arabera, 2023an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erregistratutako 281 gorroto delituen %64 (180) arrazistak edo xenofoboak izan ziren. Horien atzetik, %16 (45), sexu-orientazioaren eta identitatearen aurkako delituak daude.
Horregatik Eibarko Udalean gertakari arrazista, xenofobo, antigitano edota LGTBIfobikoen aurrean jarduteko protokoloa martxan jarri dugu. Mezu arriskutsu askoren aurrean, zoritxarrez, horrelako tresnak beharrezkoak direlako. Pertsonalki gainera, harrotu nauen pausoa izan da, Eibar izan delako EAEko lehen udalerria horrelako protokolo aitzindaria onartzen eta, zergatik ez, gainontzeko herriei ere bidea apur bat ireki diegulako.
Protokoloak espazio publikoan eman daitezkeen gorroto gertakarien aurrean jarduteko tresna bat eman digu. Baina baita espazio birtualetan ere. Sare sozialak sortu zirenean gizakien arteko harremanak sustatzeko zirela esan ziguten. Baina denboraren poderioz, sare sozial batzuk gorroto-leku galantak bilakatu dira eta hobe bertara sudurrean pintza jarrita sartzea. Nola heldu gara honaino?
Gorroto gertakariren bat bizi izan duzu edo ikusi duzu? Esaiguzu eta protokoloa aktibatuko dugu (Gizartekintza: gizartekintza@eibar.eus 943708440; Udaltzaingoa: udaltzaingoa@eibar.eus 943708424 – 092). Herritarrak horrelako egoeren aurrean antena izatera eta pertsonei babesa emango dien tresna bat badagoela zabaltzera ere gonbidatu nahi ditut. Gorrotorik gabeko Eibar baten alde.