NAIA KORTABERRIA
NAIA KORTABERRIA

GREBA EGUNEAN BELDUR GABE JOANGO NAIZ LANERA

2026/03/25

Martxoaren 17a ez zen egun normala izan. Kaleak beteta, zarata, mobilizazioak… pertsiana asko jaitsita egon ziren, eta beste batzuk igota.

Greba orokorra izanik, langile askok greba egin ala ez erabaki behar izan zuten. Eta, nola ez, ez da erabaki erraza: grebarekin bat egiteak eta lanera ez joateak (edo komertzioa ixteak) arriskuak dakartza; besteak beste, hilabete horretan diru galera izatea. Gainera, arrisku hori ez da berdina denentzat; badira beste batzuk baino tarte txikiagoa dutenak. 

Bestalde, lanera joatea erabaki ostean grebalariek ixteko presioa egitea deserosoa da, hori ez dut ukatuko. Bizipen horietatik abiatuta, azken egunotan ideia bat asko entzun da: norberak greba egin edo ez egiteko eskubidea duela, eta inork ez lukeela erabaki hori oztopatu behar. Hori da, besteak beste, Tolosako dendari batek “beldur gabe joango naiz lanera” margotzean adierazi nahi zuena.

Ideia horrek kezkatu egiten nau, greba orokorraren funtzioa ulertzeko mugak dituelako. Izan ere, grebaren oinarrietako bat lan-eskubideak eta, oro har, eskubide sozialak indar kolektiboaren, mobilizazioaren eta normaltasuna apurtzearen bidez lortzea da. Eta, nahitaez, bi ikuspegi horiek talka egiten dute. Agian, galdera ez da pertsona bakoitzak greba egitea erabaki dezakeen ala ez, baizik eta zer ondorio dituen erabaki horrek gehiengoaren parte-hartzea behar duen tresna baten aurrean. Greba indar kolektiboan oinarritzen bada, zer ondorio ditu indar hori ahultzeak?

Nola ez, greba honek langileen errealitate desberdinak agerian utzi ditu: badira ixteko ia margenik izan ez duten denda txikietako saltzaileak, eta badira lana egiteari utzi ezean, beste pertsona batzuen zaintza kolokan jarriko luketen zahar-egoitzetako langileak. Baina, greba egunean lanera ez joateak ez ditu egoera prekarioak sortzen; bai, ordea, agerian utzi, askoren egunerokoa baita jada. Errealitate hauek ezin dira estali; aniztasunean aitortu eta hortik erantzun behar dugu.

Horregatik, gure arteko elkarrizketak greba eta bere metodoak ondo/gaizki iruditu zaizkigun baino askoz harago joan behar du. Gero eta indartsuago datorren ofentsibaren aurrean —elikagaien prezioak gora, berogailua luxu, osasungintza publikoa arriskuan— gure eskubideak blindatu behar ditugu. Eta horretarako grebako aldarri zentrala: 1500 euro. Gutxienekoa, gehiengoaren bizitza duinak bermatzeko.