GORKA ERRASTi • Kultura-Aniztasun teknikaria
GORKA ERRASTi • Kultura-Aniztasun teknikaria

“Gu” berria

2024/05/31

Begi bistakoa da mundua gero eta anitzagoa dela. Migrazioen fenomenoa gure mundu globalizatuaren ezaugarri bat da. Eta izaten jarraituko du. Gure kaleak, herriak, bizitzak zeharkatzen ditu. Fenomeno globalizatua, baina gizarte kohesioa eta elkarbizitza gure herrietan ematen da. 

Kultura-Aniztasun handia, kudeatu beharra dagoena. Denok izan beharko genuke gure ardura zatia horretan, gizarte osoak, baita Udal sail guztiek ere. Kohesioa ez da magia bidez sortzen. Horretan asko dugu esateko Gizarte Zerbitzuetako langileok, baina baita Euskara, Kultura, Gazteria, Kirola, Hirigintza eta hamaika alorretakoek ere. Datozen urteetako erronka, koexistentzia batetik elkarbizitza batera jauzi egitea bada, bide hori egiteko denok igo beharko dugu txalupara elkarrekin arraun egitera. 

89 jaiotza herrialdeetako eibartarrak bizi gara Eibarren. 4.300 eibartar atzerrian jaiotakoak dira. Hauetako askok hemen jaiotako seme-alabak eta bilobak dituzte. 60. hamarkadan ere estatu espainiarreko beste zonalde batzuetako eibartarrak hartu genituen. Estatuan, baina EAEtik kanpo jaiotako eibartarrak ere, beste hainbeste dira, ia 4.000. Hauetako askok ere hemen jaiotako seme-alabak eta bilobak dituzte. Asko gure lagunak, kuadrillakoak, senideak edo ezagunak dira. 

Askotan pentsatzen dut immigrazioaz eta etorkinez hain arrotz hitz egiten duenak, oraindik ez duela atzerrian jaiotako lagunik, ezagunik, kuadrillakorik edo seniderik.  “Gu” eta “beraiek” terminoetan dabiltzanak ere asko dira. Elkarbizitza osasuntsu baterako, ordea, ez al da ezinbestekoa izango “gu” berri bat eraikitzea?