"Hemen da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista"
Bilbon egindako aurkezpena ez da marka berri baten aurkezpen soila, doako etxebizitza duin eta unibertsalaren aldeko proposamen politiko oso bat baizik. Alderdi parlamentarioen esanetan, etxegabetzeak iraganeko kontuak dira, baina, azken hilabetean Erandion, Hernanin eta beste hainbat lekutan eman diren etxegabetzeek errealitate gordina zein den erakutsi dute. Etxegabetzeez gain, etxebizitzaren arazoa larrituz doa: alokairuen prezioa maximo historikoetan dago EAEn, 3.000 etxebizitzatik gora daude hutsik Nafarroan, etxebizitzen ia %30 luxuzko etxebizitza da Ipar Euskal Herrian, 700 etxegabetzetik gora izan ziren EAEn 2022an, 3.600 lagun inguru bizi dira kale gorrian Euskal Herrian eta etxebizitzen bahitura kasuek ugaritzen jarraitzen dute.
Proletalgoaren bizi bitartekoak garestitzen ari diren honetan, oinarrizko bizi bitartekoetara iristen ez direnen kopurua gero eta handiagoa da. Etxebizitza eskubidea sistematikoki ukatu zaio proletalgoari.
Honen aurrean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik antolakuntzarako deia luzatzen dugu. Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitzaren alde, Estatu Sozialista eraiki. Edozein kasutan gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, kontaktatu esindikatua.debabailara@gmail.com helbidearen edo 671 19 59 24 zenbakiaren bidez.