Iker Mojon
Iker Mojon

Amesgaiztoa

2026/06/12

Amesgaiztoa izan dut gaur: Untzagara jaitsi eta Coco, nire txakurra, makil batera lotuta zegoela, hainbat troglodita berari irainka, oihuka, bultzaka eta tiraka zebiltzan. Bere aurpegian beldurra eta ihes egiteko beharra, buztana hanka artean zeukan, eta dardarka zegoen. Korrika joan nintzen Coco askatzera, baina ezin nuen, kuadrilla batek bidea oztopatzen zidalako. “Ez duzu jaia izorratuko, ezta?”. Ziztu bizian esnatu naiz, eta Coco lo zegoen nire ondoan, zorionez. 

Egunkarian albiste bat irakurri dut gaur: San Juan jaietan bigantxak plazara itzuliko dira, 12 urte eta gero sokamuturra berreskuratzea erabaki baitu alkatetzak. Ekainaren 21ean, 24an eta 25ean nire amesgaiztoa bigantxentzat gauzatuko da: mozkorrak, oihuak, jipoiak, irainak, bultzadak… Animalien kontrako tratu txarrak jaietara itzultzea erabaki du udal gobernu honek; haiek, berriz, ukatzen dute horrela denik, baina zientziak eta hainbat albaitarik argi adierazten dute sokamuturraren estres egoerak eta jauziek ondorioak dituztela bigantxen osasunean. Dena gutxi batzuen aisialdiaren aitzakiapean.

Bestalde, aldebakarreko erabakia izan da, PSE izan ezik udaleko gainonentzeko alderdiek salatu baitute ez dela egon eztabaidarik. Horrek erakusten du Iraola alkateari demokrazia bost axola zaiola; areago, baliteke bere alderdiko idazkari nagusiaren agindu – edo eragin – zuzena izatea; izan ere, Eneko Andueza sozialista tauromakiaren zale amorratua eta eibartarra da. Non gelditzen da eibartarren borondatea? Eibarko Udala alderdi baten esanetara egon daiteke?

Halere, animalien ongizateak ez luke eztabaidagarria izan behar, eta gizakion kontrako edozein eraso salatzen den bezala, animalien kontrako erasoak salatu behar ditugu; guk geuk izan behar dugulako haien ahotsa. Horregatik, ekainaren 16an 19:00etan talde animalistek – ehunka eibartarren babesarekin – Untzaga Plazan deitutako manifestazioan izango naiz. Cocok bezala bigantxek nire amesgaiztoa ez bizitzea merezi dutelako. Eta zu? Zure lau hankako lagunagatik joango zinateke?