felix morquecho
felix morquecho

Ikuspuntu normala edo...?

2026/10/30

- Bertikala, mesedez.
- Zer?
- Argazkia, bertikalean atera, mesedez.

Lasterketa batean nengoen lanean, badakizue, milaka pertsona korrika aritzen diren horietako batean. Erreportajea egiten ari ginen eta halako batean, taldetxo batekin hitz egin eta erretratua atera eta gero, eskaera: “Aterako al diguzu argazki bat guretzat?”. Nola ez, bere telefonoa hartu eta hara non hurrengo eskaera. Bertikala! Argazki bertikala? Zortzi hamar laguneko talde bat... formatu bertikalean? Zeru zati handia goitik, lur dezente azpitik... Zentzurik ez, baina badakizue, bezeroak beti arrazoia omen du.

Eta zergatik bertikala? Korrikalari horien kapritxoa? Konposizio aldetik hobea izango zelako? Bai zera! Instagram-ek horrela agintzen duelako.

Joan den mendean hasi nintzen argazkilari lanetan. Pentsa, lehen lanak karretearekin egiten hasi nintzen (etxeko zaharrei galdetu, gazteak), eta ordutik hona gauza asko ikasi ditut, ikasten jarraitzen dut, eta bizio batzuk barneratzeko denbora izan dut. Horietako bat zera da, nire argazkietako gehien-gehiengoa formatu horizontalean daudela. Korrikalarien argazki bertikalaren zergatia aipatu dut lehen, Interneteko sare sozial horrek sustatzen duen formatua delako. Baina nire hautu horizontalari fidela izateko badut argudio hobea. Eta argudio hori gure aurpegian dugu. Zenbat begi ditugu kasu gehienetan? Bi. Bata bestearen gainean? Ez, ezta? Ba bien artean osatzen dugun irudiak zabalera gehiago du, altuera baino. Beraz, munduari egiten diogun begirada horizontala da.

Horrela izan da hamarkadaz hamarkada. Zine pantailak horizontalak dira, telebistak berdin, eta aintzinako argazki albumak ere horizontaleko formaturako zeuden prestatuak. Kasualidadea? Ez, modu naturalean begiratzeko. Baina kamara duen ordenadore txiki bat poltsikoan eramatera ohitu garenetik gure mundua goitik bera aldatu da. Berritasun zerrenda bukaezina da, baina mundua begiratzeko era ere aldatuko al dugu? Barkatu baina ni gehienetan... [     ]