Olatz Exeberria
Olatz Exeberria

"ITE-a aurkezteko epea amaituta, zer gertatuko da orain?"

2018/07/09
Azken aldi honetan asko hitz egin da ITE-ari buruz. Aurreko astean, ekainaren 27an (ez dago argi, Udalaren arabera) ITE-a egiteko epea amaitu zen 2017ko abenduaren 31n 50 urte baino gehiago betetzen zuten eraikinentzat.
Euskal Autonomia Erkidego osoan 73.000 etxebizitzek zuten eginkizun hori, baina beteko ote zuten? Urte hasieran %17k baino ez zuten bete eta zaila da pentsatzea sei hilabeteko epean beste guztiek ITE-a aurkeztu izana. Agian posible izan daiteke hilabete gutxitan beste %73k ITE-a egitea eta euren udaletxeetan aurkeztea. Ezetz sinetsi??? Ezta nik ere...
Argi eduki behar dugun lehendabiziko ideia ondorengoa da: eraikinen jabeek jakin behar dutela zein den eraikinaren adina, eta 50 urte egiten duenean eraikin horrek beste urtebeteko epea edukiko duela ITE-a egiteko eta dagokion udaletxean aurkezteko.
Aurreko ekainaren 27ra arte 2017. urtean 50 urte egiten zituzten eraikinei zegokien aurkeztea, baina hemendik aurrera urtero-urtero 50 urte egiten duten beste eraikinek ere aurkeztu beharko dute ITE-a.
Baina ez al dugu esan 50 urte baino gehiagoko eraikinen %17k besterik ez duela ITE-a dagokion epean aurkeztu? Eta zer gertatuko zaie eraikin horietako jabeei? Badaude isunak aurreikusita? Administrazioak zigortuko ditu? Beste epe gehigarri bat emango zaie? Eta fin-fin ibili direnentzat zer, ez dute oparirik edukiko?
Tamalez ez daukat erantzunik galdera horiei guztiei erantzuteko. Beharbada udaren ostean, abuztuan, administrazioak txintik ere ez duelako esaten, berriekin aurkitu gaitezke eta bizilagunen batek jaso dezake ITE-a aurkeztu ez izanagatik isunen bat edo beste. Agian hori gertatu beharrean beste epe bat emango diote… Nork daki.
2006. urteko ekainaren 30eko Lurzoru eta Hirigintza Legeak arautzen zuen ordurako eraikinek ikuskapen teknikoak jaso behar zituztela. Baina sei urte gehiago pasa izan behar dira eskakizuna finkoa izan arte. Ebazpena irten arte ez da ezer egin, eta azkenean 2012 urtean, ebazpenarekin ITE-ak egiteari ekin diogu. Hasiera batean oso galduak geunden denok, bai administrazioa, bai etxejabeak eta baita teknikariak ere. Baina, denbora aurrera joan ahala, ITE-aren prozesua finkatuz joan da eta gaur egun aski argi dagoen lana da.
2006tik honantza araudiak zorroztuz joan dira eta urte batetik bestera betebehar gehiago ezarri dira, batez ere Europatik datozen aginteei erantzuna emateko. Horrela bada, 3 urteko epean arau mordoa jarri da indarrean, baldintzapenak handituz. 2015 urtean 3/2015 Etxebizitza Legea sartu zen indarrean. Horrek, beste gauza batzuen artean, aditzera ematen du bakarkako etxebizitzek ITE-a aurkeztu behar dutela.
Ikus dezakezuenez, gero eta eskakizun gehiago ditugu eta, ITE-a egiteak betebeharrak sortu arren, onurak ere eskaintzen ditugu, azken batean eraikinak inspekzioa jasotzen baitu ibilgailuek bezala.
Horretaz gain, badakigu diru-laguntzak daudela eraikinetan lanak egiteko: irisgarritasun hobekuntzak direla edo eraginkortasun energetikoa dela, diru-sarrerak eduki ditzakete bizilagunek. Alde batetik       IDAE-k ematen ditu (espainiar estatuko diru laguntzak dira) eta beste alde batetik        IHOBE-k ere (Eusko Jaurlaritzaren bitartez). Argi izan behar dugu diru-laguntza batzuek ez direla gehigarriak, eta eskatu ere ongi eskatu behar ditugula; bestela, bizilagunek diru-sarrera hori galdu dezakete.  Eta, azkenik udalek aurreikusten dituzten diru-laguntzak ere badaude, adibidez Eibarko Udalak irisgarritasun baldintzak hobetzen dituzten lanen kopurua ordaintzen laguntzen du.
Baina, diru-laguntza horietaz aparte,   ITEak onurak dakarzkio eraikinari, adibidez:
- Bizilagunen bizitza kalitatea hobetu
- Etxebizitzaren balioa handitu
- Erosoago eta lasaiago bizi
- Zaharberritzerako laguntzak jaso

Eta zelako gauzak antzeman ditzake ITE batek eraikin batean?
- Amiantoa (debekaturiko materiala)
- Arrakalak (eraikinaren egiturak hor nonbait jasan duen mugimenduaren seinale)
- Fatxada zaindu gabe izatearen ondorioak
- Ur sarrerak eraikin barrura

Eta ITE-a egin eta gero zer?
Ba... Derrigorrezkoak diren lanak berehala egin behar dira, urtebeteko epean arriskua izan dezaketelako. Akats horiek konponduta tekniko batek ziurtatutako txosten baten bitartez udaletxean justifikatu egin behar da konponketa behar den bezala egin dela, eta hortik aurrera 10 urteko bermea dute, eraikinaren ITE-a osoak bezala.

interesgarriak diren web-ak:  www.idae.es; www.euskoregite.com; www.ihobe.eus
gaiari buruzko informazio gehiago:: https://www.facebook.com/ EstudioEtxeberria/