Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Jose Antonio Artamendiren dohaintza"

2016/05/20
Jose Antonio Artamendi Mugerzak  -2014ko otsailaren 23an hil zen- notarioaren aurrean egin zuen testamentua, eta bertan hainbat legatu agindu zituen; haien artean Eibarko Udal Liburutegiari bere etxean zuen liburu- eta dokumentu-funtsa.
1933an Eibarren jaiotako filosofoa Merleau-Ponty-ren diszipulua izan zen Collège de France-n eta baita Xavier Zubirirena ere. Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen eta apaiz ordenatu zuten 1958an. Bere lanen artean honakoak aipatu ditzakegu: Autor Técnica y civilización (1973), Notas para un proyecto cultural vasco (1982), Jalones para una posible recuperación de una cultura vasca (1982) eta Hablando con Xabier Zubiri (2005).
Donostiako Seminarioan eta Deustoko Unibertsitatean irakaslea izan zen hainbat disziplinatan: Antropologia filosofikoa, Filosofiaren historia, Lengoaiaren filosofia eta Kultura- eta Gizarte-Antropologia; horrez gain, Filosofia eta Letra Fakultatean katedratikoa izan zen eta Donostiako kanpuseko dekanoa.
Berarena izandako funtsa bibliografikoan nabaritzen da jasotako eta landutako ezagutza guztia.  Hil honetan amaitu dugu lehen faseko lan teknikoa: 1.042 liburu katalogatu, sailkatu eta erregistratu dira Eibarko liburutegiko funtsaren atal bat izateko. Horien artean, filosofia eta teologia arloak gustuko duten eibartarrentzat hainbat eta hainbat liburu daude aztertzeko eta irakurtzeko.
Zein motatako liburuak diren ideia egiteko, helbide honetan kontsultatu ahal duzue orain arte egin ahal izan dugun katalogoa. Espero dugu lanaren bigarren fase baterako pertsonala lortzea dohaintza osoaren funtsa bibliografikoa ezagutzera eman ahal izateko. Gure esker onak Jose Antonio Artamendiren familiari jasotako legatuagatik. Goian bego!