ANDER URKIA SAIZ
ANDER URKIA SAIZ

Kaletar izatetik basarri bat erostera!

2026/11/27

Badator San Andres eguna, Eibarko kaliak basarrittar giroz beteko dittuan eguna. Egun benetan politta danondako. Kalekuak mendixan bizi garenok urtian zihar egitten dogun biharra ikusteko aukeria eukiko dabe, eta baserrittarrok gure animalixak eta barazkixak erakutsi eta saltzeko aukeria. 

Sarri entzun izan dot basarrittik ezin leikiala bizi, lanik ez daguala, ez dirurik ezta etorkizunik be. Azken belaunaldixen bidia horixe izan da, kalera, industriara, zerbitzuetara, taillarretara etab. juatia. Baiña artaldian ardi-baltzak beti, ta baitta Eibarren be! Azken urtietan hainbat proiektu jarri dira martxan herrixan, behi eta txahalak, txarrixak, ardi-bildots eta gaztaiak, behor eta moxalak, barazki eta frutak, ogixa eta gozogintza, sagardaua... Norberak gustoko dakan leku eta lan bat eukitzia, hori bai aberatsa izatia! 

Umetako ametsa, kaletar izatetik basarri bat erostera! 24 urtekin! Eta gaur 30ekin ortutik bizi izatera heldu naiz. Ez dago bide errazik dana sortzeko daguanian. Baiña gustoko tokixan aldaparik ez, eta Eibarren, aldapak, aldapak… mordua!

San Andres Azoka salmenta eguna be bada, gure diru-sarreren egun garrantzitsuenetakua. Nere kasuan parte hartuko doten lehen azokia izango da. Baiña urtian zihar astero (astelehen eta eguen arratsaldetan) banaketa bidez otar pertsonalizatuak saltzen dittut, sasoian sasoiko barazki freskoz betetakuak! Zuzenian ortutik sukaldera! 

Herriko eta baillarako ekoizliok, gure produktuak herritarreri hurreratu nahixan, Urtaro Azoka prestatzen dihardugu, urtaro bakotxian azoka bat antolatuz Errebalen! Laster izango dozue honen barri gehixago. 

Eibartar guztiak animatu nahi zaittuet herriko ekoizlieri euren okela, fruta, goxo, ogi, gaztai, barazki eta sagardaua erostera, Eibarko inguruniak bizirik segidu deixan urte askuan!