Enrike Zuazua
Enrike Zuazua

"Kataluniako azkenaurreko jokaldia"

2017/09/27
1997an IBMk garaturiko Deep Blue (Urdin Sakona) ordenagailuak Gary Kaspárov munduko xake txapeldunari irabazi omen zion. Gauzak ez daude oraindik horren argi. Kasparov-ek IBM-ri tranpa egin izana leporatu zion, makinak gizaki baten aholku gehigarria izan ote zuen susmatuta. Eta gauzak ez ziren guztiz argitu. Aurten Google-k garaturiko AlphaGo ordenagailuak Go jokoaren Ke Jie munduko txapeldunari irabazi dio zalantzarik gabe. Bai ordenagailu batak bai besteak erabiltzen duten jokoa Inteligentzia Artifizialaren algoritmoetan oinarrituta daude.

Gaur egun zalantza gutxi geratzen dira. Arau logikoen jokoetan makinek, azken batean, gizakia gaindituko dute, ez baitago dagoeneko, eta are gutxiago etorkizunera begira, mugarik makinak duten kalkulatzeko gaitasunarendako. Makinek jokaldi posible anitz gehiago aztertzeko gaitasuna izango dute, hurrengo jokaldietan beraiek izan lezaketen ondorio posible guztiak aztertuz. Horrek ematen duen abantailarekin gizakiarentzat asmatezinak diren jokaldiak sortzeko gaitasuna izango du makinak, azkenik garaile bihurtzeko. Gaurko makinak Goliath erraldoia dira eta gizakia, ordea, David nanoa. Eta Davidek gutxika-gutxika horrelako partida guztiak galduko ditu.

Badira, hala ere, beste esparru batzuk gizakia irabazle den eta beti izango den, sormena tartean denean. Gaur egun, oraindik ere, gizakiak sorturikoak dira margo, abesti eta olerki ederrenak. Egun hauetan harrituta jarraitzen ari gara Katalunian jokatzen ari den partida. Hedabideetan ez da leku askorik geratzen beste albisteetarako. Politikariek, parlamentuek, gobernuek, poliziek, auzitegiek jo ta ke ari dira. Batzuk erreferenduma egiteko nahian eta beste batzuk berau ekiditeko. Nahiko argi dago nor den Goliat eta nor David joko horretan.

Partida honen azken jokaldia urriaren 1ean jokatuko da Kataluniako kaleetan. Baina ez da hori azken partida izango. Urriaren 2an seguruenik Espainiako estatuak ez du bere osotasuna galduko, baina bere aniztasunaren adierazleak nabarmenagoak izango dira guztion begietan. Orduan hasiko da partida berria. Jokalari biek nekea gainditu, bakoitzaren arrazoibideak orraztu eta etorkizun berriaren bila lanean jarri beharko dira, elkarrekin. Bakoitzaren aurreiritzi eta pasioak baztertuz, pragmatikoki aritu beharko dira adostasun esparru eta eremu berriak garatzen. Goliatek ezin du partida hori irabazi Daviden borondatearen eta sentimenduen kontra. Eta gaur irabazteak, paradoxikoki, ahuldu egin lezake gure Goliath erraldoia.

Makinak ez du oraindik gizakiaren ahalmen sortzailea gainditu. Eta idatziriko legeek ezin izango dute gure gizarteen etorkizunaren zabaltasuna mugatu.