beñat laskurain
beñat laskurain

Konpromisoaz

2026/09/18

Jendea falta da. Berdin da ze talde, elkarte, koru edo dena delako eragileri buruz ari garen, guztietan lelo berbera dabil aspaldian. Trukean dirurik jaso ezean, kosta egiten zaigu mugitzea. 

Egunerokotasunaren zamari egotzi ohi diogu errua; ikasketak, lana, etxeko lanak eta abar bukatutakoan… astirik eta indarrik ez. Errutinaren itolarria mugatzaile garrantzitsua den arren, ezin esan zama hori berria denik; lehenago ere egunerokotasunak bazuen bere karga, eta hala ere duela hamarkada batzuk harri azpitik ere ateratzen zen euskara elkartean, koruan, kultur elkartean, ikastolarako dirua lortzeko txosnan, kirol elkartean edo auzoko jai-batzordean orduak doan emateko prest zegoenik. Beste garai batzuk ziren ziur aski, ilusio garaiak; dena egiteke zegoen, eta Hegoaldeak izan duen erakundetze mailak ere hainbat jarduera profesionalizatzea ekarri du.

Baina egungo jende-eskasia errutinaren zamari eta borondatezko lanaren profesionalizazioari bakarrik leporatuta, arazoaren muinari ezikusiarena egiten gabiltzalakoan nago: balio komunitarioen ahultze-prozesu bat bizi dugu, sare sozialetan biziki nabarmena dena. Norbanakoaren eta gizartearen arteko arrakala zabaltzen duten mezuak dituzte ahotan gazteoi algoritmoak parez-pare jartzen dizkigun hainbat eduki sortzailek, gizartearenganako mesfidantza sortzen dutenak eta norbanakoaren interesa beste ezeren gainetik jarri behar dela sinestarazi nahi digutenak. 

Ez gaitezen engaina; gizakia izaki soziala da. Komunitatean baino ezin dugu segurtatu gure biziraupena, ongizatea eta zoriona. Komunitatea eskubide eta betebeharrak sortzen dituen harreman-multzo bezala, babes-nukleo sendo bezala, elkartasun-ariketa bezala. Gizartean bizi garelako ditugu eskura elikagaiak denok nekazari izan gabe; sendatu gaitezke, denok mediku izan gabe; eta argindarra pizten dugu, nola funtzionatzen duen ulertu gabe. Baina joko hau ez dabil denok ez bagara konprometitzen. 

Egia da mundu mailako albisteek nagikeria ematen duela, eta etsipenak gizartearekiko pasotismora eraman gaitzakeela. Baina ez pasotismoak, ez indibidualismoak, ez eta erosokeriak ere ez dute azkenaldian noraezean dabilen mundu hau onbideratuko. Gizartearen timoia hartzeko garaia da, arduraz jokatzekoa, norbera bere gizarte-kausekin konprometitzekoa. Izan kultur arloan, hizkuntzan, gizarte arloan, politikan, jaien antolakuntzan edo dena delakoan. Gizarte honek konpromisoa eskatzen du.