Oskar Arantzabal
Oskar Arantzabal

Kritika antzerki jardunaldiei

2026/02/26

Sarri baino sarriagotan entzun (eta esan) dugu “izan ala ez izan” (edo, nahiago baduzue, alderantziz, burezurrak gorabehera), berriki modan jarri zaigun Hamlet ezagunetik hartua. 

Txikitatik ama plaentxiarrak transmititu zidan antzerkizaletasun eibartarra eta 1982an elkarrekin joan ginen orduko Teatro Amayara Albert Camus, Literaturako Nobel saridun frantziarrak, idatzitako Los Justos ikustera. Hamalau urte besterik ez nituen, baina ondo iltzatuta geratu zitzaidan, Euskal Herrian “berunezko urteak” bizi genituen haietan, anarkista talde errusiar bat tirania zaristaren kontrako atentatu bat prestatzen ari zelarik, gogoeta etiko guztiekin. Amaieran eztanda bat, irekian utziz zer (edo zer ez) gertatu zen. Antzerkia beti izan da gatazkagune.

Azken bi edizioen errepasoa egite aldera: 2024an 24 emanaldi burutu ziren, horietatik 7  euskaraz. 2025ean beste horrenbeste (azken edizio honi naftalina usaina zerion, gai “kasposoak”: siglo de oro español, Fraga Iribarne… gazteak uxatzeko modukoak!) eta horietatik 6 besterik ez euskaraz. Aurtengoa, bidean dena, bide beretik. Baiki esan dezakegu, euskararen lekuari dagokionez, %29, %25 eta %27koaren bueltan izan(go) direla, hasierako solasaldirik inoiz ez. Ikus dezagun asko ala gutxi den.

Eibarko Udalak emandako datuen arabera, geure herrian euskararen ezagutza %54koa ei da. Kontuan izan, aldeak alde, EAEn 2025eko programazio kulturala %40ean euskaraz izan zela. Eta Donostian, antzerako datu soziolinguistikoekin (%46ko ezagutza), 2024ko neguko denboraldian eta antzerki profesionalari dagokionez, %40 izan zirela euskaraz programatutako antzezlanak. Deigarria oso, batezbesteko ikusle kopuruak antzerakoak direla bi hirietan (250 euskarazkoetan eta 350 erdarazkoetan). Zergatik azpitiko desproportzio nabarmen hori euskarazko programazioan Eibarren? Kontua ez da kuotak jartzea, baina normalizaziorako bidean euskararen presentzia indartu beharrean gaude.  Iaz Miñan moduko lan batek, euskara hutsez eta immigrazioaren gai unibertsala harturik, 30.000 ikusle bildu zituen Euskal Herri osoko aretoetan (behin batean Eibarren). 

Txalogarria deritzogu haur antzerkiari (gaur-gaurkoz programazioaren %80 inguru), harrobia lantze horretan etorkizuneko antzerkizaleak eraikitzeari; baina beraiei eskainitako tarte kuantitatiboa zabaltzearekin batera; badira, Debabarrenako Antzerki Plataforma sortzeaz gain (Debagoienan badutena), kualitatiboki  ere egin daitezkeen jauziak. 

Duela pare bat urte, EHAZE (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) eta Zurriola Ikastolaren eskutik (gogoan izan Unibertsitate Laboraleko garaietan afizionatuen izpirituari emandako lekua), ahoz eta idatziz proposatu genion Eibarko Kultura Sailari antzerkiaren historiako klasiko bat, Samuel Becketten Godoten esperoan, absurdu zoragarria (2023ko azaroan arrakastaz oholtzaratua Donostian), eta ondoren modan jarri berri den ikusle-kluba (literaturan egiten den irakurle-klubaren antzerakoa). Oraindik ere erantzunaren “esperoan” jarraitzen dugu…