Lau etxe
Eibarren etxebizitza alokatu nahi duzula imajinatu. Gaztea zara, lana daukazu, hemen bizi nahi duzu. Interneten sartu, etxebizitzak bilatu eta… lau. Lau etxe.
Orain dela egun batzuk, Eibar osoan lau etxebizitza baino ez ziren agertzen alokairuan etxebizitzen salerosketa eta alokairurako Interneteko atari handienetako batean. 50 metro koadroko bat, 850 euroan. 65 metroko beste bat, 900 euroan. Eta hortik gora. Noski, interneten agertzen dena ez da Eibarko alokairu-merkatu osoa. Baina argazkia nahiko adierazgarria da.
Urteak daramatzagu Eibarren etorkizunaz hitz egiten. Industria indartsua behar dugula. Enpresa berriak sortu behar direla. Talentua erakarri behar dugula. Gazteak hemen geratzea nahi dugula. Merkataritza bizia behar dugula. Eskolak umeez bete behar ditugula. Kaleetan bizitza nahi dugula.
Guztiarekin ados. Baina bada galdera oso sinple bat ia beti ahazten zaiguna: non biziko da jende hori? Ez dago garapen ekonomikorik etxebizitzarik gabe. Ez dago talentua erakartzerik, ingeniari, irakasle, erizain edo langile batek ezin badu etxe duin bat aurkitu. Ez dago gazteak Eibarren geratzerik, 30 urterekin gurasoen etxetik ateratzerik ez badute. Ez dago merkataritza bizirik, biztanleria galtzen badugu. Eta ez dago jaiotza-tasa handituko duen mirari-kanpainarik, familia bat osatzeko lehenengo baldintza —bizitzeko toki bat edukitzea— gero eta zailagoa bada.
Etxebizitza ez da, beraz, gizarte-politika hutsa. Ekonomia-politika da. Industria-politika da. Gazteria-politika da. Demografia-politika da. Eta herri-politika da.
Eibarren badugu beste berezitasun bat. Ez gara Donostia. Ez gara Bilbo. Ez gara turismo masiboko herri bat. Teorian, horrek abantaila izan beharko luke etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Baina eskaintza hain da txikia, non prezioak gero eta urrunago dauden herritar askoren soldatetatik. Eta hor badago arrisku handi bat: normaltzat hartzea.
Normaltzat hartzea gazte batek 900 euro ordaindu behar izatea logela bakarreko etxe txiki batengatik. Normaltzat hartzea 30 urtera arte gurasoekin bizitzea. Normaltzat hartzea Eibarren lan egiten duen jendeak beste herri batean bizi behar izatea. Ez da normala.
Eibarren etorkizunaz hitz egitea gustatzen zaigu. Adimen artifizialaz, industria aurreratuaz, berrikuntzaz, ekintzailetzaz eta talentuaz. Eta hori guztia ondo dago. Baina 2050eko Eibar gaur eraikitzen hasten da. Eta agian etorkizun hori ez da hasten teknologia kuantikoarekin, baizik eta gauza askoz sinpleago batekin: Eibarren bizi nahi duenak bertan bizitzeko etxe bat aurkitu ahal izatearekin.