Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Leku berria du euskal literaturak"

2017/05/01
Liburuak maileguan hartzera datozen gehienak asko fidatzen dira gure irakurketa gustuekin. Esaten dut hau sarreran ditugun erakustokietatik hartzen dituztelako etxerako liburuak. Bertan jartzen ditugu azken urtean argitaratu diren liburu batzuk, larregi pentsatu gabe zeintzuk ipini, egia esan. Alde batetik gazteleraz daudenak (Espainiako autoreek idatzitakoak edo itzulpenak) eta beste erakustoki biribil batean euskaraz daudenak.
Egia esan, ez bazatoz ideia konkretu batekin batzuetan ez dakizu zein aukeratu apaletan dauden liburu ilaretatik, batez ere euskaraz irakurtzen baduzu eta “arrantzan” ibili beharrean aurkitzen bazara: euskarazko produkzioa askoz murritzagoa baita.
Aurretiko lan batzuk egin eta gero (xahuketa, funtsen birrantolaketa, seinalizazio berria…) lortu dugu euskarazko literatura “erreskatatzea”, gaztelerazkotik bereiztea. Gutxi badira ere, bere duintasuna dute orain dela gutxi estreinatutako tokian.
Euskara ikasten ari bazara, irakurketa mailaren arabera argitaratzen diren liburuak ondo etorriko zaizkizu. Horiek, baina, ez dituzu hemen topatuko: hizkuntzak ikasteko materiala biltzen duen interesgunean aurkituko dituzu, euskara atalean.
Eta noski, mantenduko dugu sarrerako erakustokia ere, presaka dabiltzanentzat edo azkenak irakurri nahi dituztenentzat.
Ea denon artean lortzen dugun euskaraz irakurtzearen indizeak pixkatxo bat igotzea Eibarren.

liburu collage-eleberri