[IRITZIA] Lorea Arakistain: "Zein pertsona-moduk jar dezake lankide biren bizitza eta 40.000 herrikideren osasuna arriskuan?
2020/02/14
"ZABOR-DIRUA".
Zer da pertsona izatea? Berrian irakurri diot Ana Galarragari litekeena izango dela, garunak laborategian garatzea ez ezik, hildakoak berpiztea, genetikoki editatutako haurrak izatea edo animalia-gizaki hibridoak sortzea ere. Eta galdera: gu (hilkor, arrunt eta %100 gizaki) bezalako pertsonak izango dira, gure eskubide eta betebehar berekin?
Tarteka, roboten eta adimen artifizialaren jiran ere sortzen dira modu bereko eztabaida filosofikoak. Legearen pisua nola jausiko litzatekeen robot baten gain, huts egite batek istripu bat eragingo balu, esate baterako. Eta beldurtu egiten gara makinen matxinada bat datorkigula imajinatuz.
Baina nago, hilkor arrunton artean ere, badirela pertsonak eta bestelakoak, zientziak eta teknologiak baino beldur handiagoa eman beharko liguketenak.
Zein pertsona-moduk jar dezake lankide biren bizitza eta 40.000 herrikideren osasuna arriskuan? Sentimendurik badu senitartekoei hots egiteko gai ez den ugazaba horrek? Fidatzekoak dira irregulartasun ugariren aurrean esku-hartzen ez duten teknikari eta politikariak?
Asimoven lehen legeak dio robot batek ezin diezaiokeela gizaki bati kalterik egin, ezta gizakiak kalterik jasan dezan utzi edo onartu ere.
Bada, datozela robotak gutarrak ordezkatzera. Azken hauek zabor-diru truke hiltzen gaituzte eta.