Luxury
Aspaldi, edo beharbada duela ez hainbeste, Pilarika Egunaren bueltan urtero elkartzeko erabakia hartu genuen Unibertsitate Laboraleko zenbait ikaskidek. Egia esan behar badut, zaila izan da batzuetan guztiok batu ahal izatea, baina aurten ohitura mantentzea lortu dugu, gure batzartokia Leonen finkatuta.
Aurrekoetan bisitatu izan ditugun beste hirietan bezala, tokiko gastronomia eta parranda gure planaren parte garrantzitsua izan ziren; oraingo honetan, zezina, Prieto Picudo mahatsez egindako ardoa, tapak eta Barrio Húmedoko tabernak. Horrez gain, ikaskide bat ezkondu behar dela aitzakiatzat hartuta, zapatuan ezkondu aurreko agur xume bat egin genion, kantea gehiegi eman barik, eskeleto-mozorroa jantzita.
Bapo jan eta edan ostean, bertako jendeari parranda jarraitzeko tokiei buruz galdetu genion eta, iradokitakoa kontuan hartuta, jai giroko tabernetarako bidea hartu genuen. Aukerak ez ziren eskasak izan biztanleko taberna kopuru altuena duen hirian.
Halako batean, gutako batzuei ideia ona iruditu zitzaien osperik onena ez zuen diskoteka batean gaua amaitzea eta, ardien modura, hara jo genuen denok. Atarian, balen aurkako txalekoa jantzita zuen atezainak gure lagunaren janzkerarengatik, eskeleto-mozorroarengatik, kargu hartu zigun. Arazoaz galdetuta, “luxury hall” hartan modu horretan jantzita sartzea galarazita zegoela jakinarazi zigun.
Gaueko aisialdi guneetako janzkeraren aferari buruz aldizkari osoa betetzeraino idatzi nezake, zentzuzko arrazoiei eta txorakeriei buruz hausnartzen. Guri gertatutakoa bigarren kategorian sailkatuko nuke, zalantza barik, eta hala adierazi nion atezain horri, gurean halako “txorradak” gaindituta daudena aipatuz.
Benetan, zaila egiten zait ulertzea zein luxury experience eskaini zezakeen erakuskeria atetik zerion taberna-zulo horrek, janzkera hain muntazkoa izateko. Kopak luxuzko prezioan ez al daitezke berdin ordaindu trajea zein kirol arropa jantzita? Beharbada komunetako kontsumigarriak urrezko prezioan saltzeak izan dezake zerikusirik?
Bada, gau hartan ere zaila egin zitzaidanez hori ulertzea, zuzenean etxerako bidea hartu nuen. Beste era batera ulertu eta bizi baititut nik luxuzko esperientziak, lagunekin partekatutako uneetan esaterako. Eta ezingo didazue ukatu parrandaren ostean ohea goxo hartzearen luxua ere.