Maddi Alberdi San Martin
Maddi Alberdi San Martin

M8 Euskal Herritik

2025/03/06

Memoriarik gabeko herria historia errepikatzera kondenatuta omen dago. Badaezpada, datorren Martxoaren 8rako, memoria eta hausnarketa ariketa egin dezagun, etorkizuna eraiki ahal izateko. 

Ez dakigu jatorri zehatza, gertaera-kate batek jarri zuen emakume langileen egutegian egun hau: 1857ko grebalariak New Yorken, 1917an iraultza Petrogradon, konferentziak 1921ean Moskun eta 1910ean Clara Zetkinek Kopenhagen...  Hala ere, bada ezagutzen dugun datu bat: 1975ean Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egun” izendatu zuen, klase aldagaia ikusezin eginez.

Kontua da ez dela ikusezin bihurtu nahi den aldagai bakarra. Kezka sortzen dit “emakumeen egunean” elkarri opariak egiteak, baina baita AEBetan, Madrilen edo Parisen irakur daitezkeen lelo berberak behin eta berriz Euskal Herrian, eta Eibarren, irakurtzeak ere. Izan ere, ikerketek erakutsi dute nazioak, generoak eta sexualitateak elkar eragiten dutela, eta, beraz, ezin direla modu isolatuan ulertu. Hala ere, hiru horien oinarrian, botere-harremana nagusitzen da; hau da, elkar eragiten duten modu berean, nazio batek, genero batek eta sexualitate batek menderatzen dute. Horregatik, Euskal Herrian ezin da Martxoaren 8a nazio gatazkatik kanpo ulertu.  

Borroka feministak tokiko gisa ulertu behar dira, ezaugarri espezifiko eta historikoekin, nahiz eta, aldi berean, nazioartekoak ere izan, etengabeko dialogoan kanpoko pentsamendu eta mugimenduekin. Euskal Herrian 1977an antolatu zen lehen aldiz Martxoaren 8a. Ordutik, ugari izan dira mobilizazioak, eztabaidak eta elkartasun ekintzak: jardunaldiak, gorputz-burujabetza, NATOri ez, presoekin elkartasuna, instituzioekin gatazkak, etxeko lanei intsumisioa, emakumeak alardean, 2008ko pilotakadak eta iraultza feministaren aldarriak non-nahi. Eibarren ere ez dira gutxi izan kalera ateratako emakume langileen aldarriak. Gogora ditzagun denak eta sor ditzagun berriak. Bete ditzagun kaleak aldarriz, nork bere tokitik, memoriatik eta elkarrekin!