Antxon Narbaiza
Antxon Narbaiza

Mª Paz Ibeas, in memoriam

2024/04/08

94 urtez itzali zaigu bere Hondarribiako etxean Mª Paz, Juan San Martinen alarguna. Urteak ziren Eibarko Mekolatik Hondarribiako La Marina-ra bizitzera jo zutenetik. Horrelakoetan oroitzapenak trumilka datoz, urte asko izan baitira Mª Paz gure artean bizi izan dena. Oroitzapenak, memoriak agindurik, bitxiak izaten dira: maiz, eta, urteen poderioz gehienetan, norberak bizitakoaren irudi garbia galdu egiten da, eta, gerta liteke gertatukoaren gainean beste narrazio bat sorraraztea gure kasa, halako kontakizun berezi bat. Horregatik esan ohi da, gutariko edonor literatur egile, agian frustratua, baina zelanbaiteko sortzailea bihurtzen dela.

Mª Paz, oroitzen dugu Juanitorik gabe, Klub Deportiboak Kalamuan eraikiarazi zuen aterpearen inaugurazioan. Zelan amabitxi izan zen eta lore-sorta bat eman zitzaion.

Oker ez banago, Madril aldetik etorritako familia ziren Ibeastarrak. Baina  Eibarrerako bidean, Burgosen ere bizi izan ziren. Eibarrera iritsi eta apopilo bizi izan ziren Urkusuan.

Anaia-arrebak ziren Mª Paz eta Antonio. Antonio Mª Carmen Retenagarekin ezkondu zen. Mendizale amorratua eta hiztun dotorea, armagintzara jo zuen lanbide aldetik. 

Mª Pazek, berriz, jostun ofizioan jardun eban. Ofizioa erakusten zuen etxean. Trebea zen bere lanbidean Mª Paz.

1963an ezkondu ziren neba-arrebak. Inauterietako asteartean Mª Carmen eta Antonio, eta abuztuan, Mª Paz eta Juanito. Unai eta Oier semeak izan zituzten. 

Nola ahantz baina Mekolako etxea? Mª Paz Juanitoren errealitatea izaten zen, ez itzala, errealitatera lotzen zuen pertsona. Izan ere, Juanitorentzat praktikoki denbora ez zen existitzen, haren izena baino ez zuen ezagutzen, hots, magnitudea baino ez. Baina ez haren eragina. Zenbaitetan, hain zen gure berriketa luzea izaten, iluna ere aise etortzen zitzaigula. Orduan Mª Paz agertzen zen tortila bana prestatuko zigula esaten! Burua paperetik ia jaso gabe, Juanitok jarraitu egingo zuen: -Hi, zelan esango heuke: Homes de pau, bake-gizonak, bakezko gizonak….?

Salvador Espriuren bertso haien itzulpenak presa zeukan, biharamunerako bidali behar baitzuen Donostiara. 

Zigarroa eskuan, burua galdu gabe, itzali da Mª Paz, Unai semeak aitortu digun bezala. Goian bego, bizitza horren oparoa izan duen andrea.