eneritz iruretagoiena - ITAIAko kidea
eneritz iruretagoiena - ITAIAko kidea

Martxoaren 8a, borrokarako eguna

2026/03/05

Otsailean bertan, 2026ko lehen erailketa matxista izan dugu Euskal Herrian. Emakume bat erail du bere senarrak Sarrigurenen. Egunero irakurtzen ditugu titular handiak: Julio Iglesiasi, esaterako, bere diruak eta ospeak baimendu diote urte luzez bere etxeko langileak esplotatu, sexualki erasotu eta guztiz kontrolatzea. Bestalde, Epsteinen kasuan, ehunka ume eta emakume sistematikoki bahitu eta bortxatu dituzte.

Titularrak bakarrik nahikoa lirateke iritzi artikulu oso bat betetzeko. Izan ere, ez dugu urrutira jo beharrik: abenduan, Eibarren, emakume batek sexu-erasoa salatu zuela jakin genuen. Gure eskualdean bertan, gure kaleetan, eta jakin badakigu beste hainbat kasu isilean geratzen direla.

Azken astean argitaratu dute Espainiako Estatuko gazteen erdiak feminismoa manipulazio politikorako armatzat hartzen dutela. Bien bitartean, emakumeok egunero jasan behar dugu matxismoa gure azalean, eta erabat babesgabe sentitzen gara. Faxismoaren eta matxismoaren zabalpenak are gehiago sakondu du gure zapaldu egoera: erailketak eta erasoak ez ezik, lan baldintzen prekarizazioa, zaintza zerbitzuen pribatizazioa eta murrizketak ere gure eguneroko ogia dira. Horren adibiderik gertukoena, Soraluze eta Elgoibarko erresidentzietako langileek abiatu duten borroka edo sektore feminizatuetako langileei inposatu izan dizkieten gutxieneko zerbitzu lotsagarriak (%80tik gorakoak).

Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, ezin dugu egun hau ekitaldi protokolario huts bihurtzen utzi, ezta emakume langileon nazioarteko eguna instituzioek eta alderdiek edukirik gabeko ospakizun bilakatzen ere. Ez da kontsentsu faltsurako eguna; gure pobrezia eta prekarizazioaren arduradunak seinalatzeko eguna da, eta gure gorputzak objektu gisa tratatzen dituztenak eta gure eskubideak hustu nahi dituztenak interpelatzeko eguna.

Horregatik atera behar gara kalera. Borrokarako eguna delako, eta borroka honek merezi duelako. Emakume langileok lehen lerroan egotea premiazkoa da: indarkeria matxistaren aurka, prekarizazioaren aurka eta emakumeon eskubideen alde kaleak hartuko ditugu!

Zuri, hau irakurtzen ari zaren horri, borrokara batzeko eta antolatzeko deia luzatzen dizugu!