Uxue Igaza
Uxue Igaza

Martxoaren 8an

2019/03/07
Martxoaren 8an, emakume, trans eta bollerok kaleak hartuko ditugu. Ikaslee emakumeek* kaleak hartuko dituzte eta baita emakume* pentsionistek ere. Gure soldatapeko lanpostuak hutsik geratuko dira, eta ordaintzen ez dizkiguten lanak egin gabe.  Martxoren 8an, borroka feminista babesten duten negozioek, tabernek, dendek itxi egingo dituzte ateak. Martxoaren 8an, ez dugu kontsumituko; ez gatoz bat kontsumo eredu basati eta esplotatzaile honekin. Martxoaren 8an, grebara batu ezin diren emakumeek* amantala zintzilikatuko dute balkoietan eta martxoaren 8an, gure borrokarekin bat egiten duten gizonek zaintza lanen ardura hartuko dute. Martxoaren 8an, bizitzak jarriko ditugu erdigunean.

Ez dakit zenbat izango garen, ez dakit zenbatek izango dugun greba egiteko aukera, ez dakit herria gelditzea lortuko dugun, baina, badakit urtetik urtera gero eta gehiago garela borroka honetara gehitzen garenak.

Faxismoaren susperraldi garai honetan, emakumeon* eskubideak berriz kolokan jartzearekin mehatxatzen gaituzte: abortu eskubidea, genero indarkeriaren legea… Epaitegiek, komunikabide handiek, “segurtasun” indarrek, gobernuek… ez gaituzte babesten; ez digute sinesten.  Jipoitzen, bortxatzen eta erailtzen gaituzten bitartean, hau salatzeagatik zigortzen dute Mugimendu Feminista.

Urte osoan borrokan aritu arren, martxoaren 8an, Eibarko, Euskal Herriko eta mundu osoko emakumeak* kalera irtengo gara eta aurre egingo diogu sistema heteropatriarkal, kolonialista, kapazitista, eta kapitalista honi!
Batu borrokara!