Memoria, identitatea eta koherentzia: II. Errepublika jeltzale baten ikuspegitik
Politikan, dena ez da mugatzen ekitaldi batean egotera edo ez. Batzuetan, galdera hauxe da: Non gaude? Espainiako Bigarren Errepublikaren 95. urteurrena dela-eta egin zen ekitaldian Eibarko EAJ-PNVk ez zuen parte hartu. Erabaki horren inguruan, hasnarketa bat egin nahiko nuke onartzen den esparru sinbolikoaren eta proiektatzen den identitate politikoaren inguruan.
Zalantzarik gabe, Errepublika eibartar askoren memoriaren parte da. Haren esanahi historiko eta emozionala sakona da, eta behar duen errespetua merezi du. Baina errespetatzeak ez dakar nahitaez hura partekatzea. Eta hor sortzen da galdera: zenbateraino da esparru hori Euskal Nazionalismoaren identitatearen parte?
EAJ-PNV ez da Espainiako errepublikaren tradiziotik sortu, eta alderdiaren definizioa ez da hortik abiatzen. Haren ibilbideak tradizio propio bati erantzuten dio, Euskadi nazio gisa aldarrikatzen baitu, bere eskubide historikoen defentsan oinarrituta. Egia da Errepublikan paper garrantzitsua izan zuela, baina horrek ez du garai hura bere identitatearen ardatz nagusi bihurtzen.
Sasoi hartan une erabakigarririk izan bazen, ez zen 1931. urtea izan, 1936a baizik: lehen Eusko Jaurlaritzaren sorrera, Jose Antonio Agirreren gidaritzapean. Orduan gauzatu zen proiektu politiko propio bat, erakunde propioekin eta norabide argi batekin. Horixe da jeltzaleen nortasun politikoarekin lotzen den erreferentzia-puntua.
Euskal nazioa defendatzen duen alderdi batentzat, Espainiako Errepublikan oinarritutako ekitaldietan parte hartzeak indartu egin dezake Espainiako subjektu politikoa, eta Euskadi, berriz, bigarren mailako plano batean uzteko arriskua dago. Subjektu politiko propio bat aldarrikatzen duen alderdi baten kasuan, horrek errekonozimendua baino nahasmena sor dezake.
Manuel Irujo aipatu daiteke esandakoaren adibide gisa, gobernu errepublikarretan egin zuen ibilbidea, funtsezko eskubideen defentsan oinarrituz. Zenbait unetan onartezintzat jotzen zituen praktiketatik aldendu zen, eta eskakizun etikoak markatu zituen. Paradoxa gisa, euskal ordezkari nazionalista demokratikoek une oro errespetatu eta legitimatu zuten Errepublika, eta ez ziren partaide izan garaiko politika espainiarraren gertakari bortitzenetan.
Errepublikak badu bere memoria, eta bidezkoa da; baina, EAJ-PNVk ere berea du. Eta, ez dute zertan bat etorri. Politikak ez du eskatzen sinbolikoa den guztia partekatzea; bakoitzak duen lekua modu argi batean mantentzea baizik. Errespetatu daiteke onartu gabe. Gaur inoiz baino gehiago, argitasuna, koherentzia eta konbikzioa behar ditugu. Ez inori aurre egiteko, baizik eta leial izateko gure jatorriari, izaera edo nortasunari eta ordezkatzen dugunari. Izan ere, nor den argi duen herri batek ez du besteen historia edo sinbologia maileguan hartu behar aurrera egiteko. Zentzua duen tokian egoteko unea da. Nork bere irizpidearekin hitz egiteko momentua da.
Definitzen gaituena, Euskal Alderdi Nazionalista demokratiko bat da, konplexurik gabea, euskal askatasunaren, justizia sozialaren, euskal kulturaren eta tradizioen alde borrokatu dena, BAITA euskara defendatzearen eta nazio indartsu eta fidagarri bat sortzearen alde ERE, alegia, Euskadiren garapenaren alde. Koherentzian oinarrituta eraikitzen da etorkizuna. Katea ez da eten.