Aner Cardo
Aner Cardo

Mirarizko aldizkako baraua edo “ayuno intermitente”

2022/02/11
Azkenaldian aldizkako baraua mundu guztiarentzat gomendatu da, ura edatea izango balitz bezala. Edonorentzat, bizitzako edozein momentutan eta beste ezaugarri indibidual batzuk kontuan hartu gabe. Estrategia dietetiko honi kalean zein sare sozialetan esleitzen zaizkion onurak entzunda, beste informaziorik jaso gabe, panazea dela pentsa dezakegu. Baina, edozeini gomendatzeko estrategia al da? Zoritxarrez, ez. Beraz, nola erabili dezakegu?

Aldizkako baraua elikagaiak kontsumitzen ez diren aldia luzatzean oinarritzen da. Normalean, gaueko baraualdia (lo gauden bitartean egiten duguna) bazkal ordura arte luzatzen da, baina beste ordutegi batzuk ere erabili daitezke. Azken finean, elikagaiak kontsumitzen gauden ordu kopurua murriztean dago gakoa; "horrela, egunaren amaieran kontsumitzen den elikagai edo energia kantitatea txikiagoa izango da. Beraz, helburua pisua – edo, hobeto esanda, gantz-masa – jaistea helburu dugunean, estrategia egokia izan daiteke. Hala ere, gauza batzuk hartu beharko dira kontuan: ohitura dietetikoak desegokiak badira, aldizkako barauak ez du osasuna hobetuko; behar dena baino gehiago edo berdina jaten bada, ez da gantz-masa murriztuko, aldizkako baraua egin arren; jarraitzeko zaila bada (gosea pasatzen…), ez da gomendagarria izango.

Aipatu bezala, kasu batzuetan desegokia izan daiteke, adibidez: gihar-masa handitu nahi duten pertsonentzat, goizez entrenatzen dutenentzat… Eta arriskutsua izango da anorexia, bulimia edota bestelako elikadura nahasmenduak dituztenentzat.

Beraz, zalantzak agertzen badira osasuna hobetzeko, gantz-masa murrizteko, errendimendua handitzeko, edota elikadurarekin erlazioa hobetzeko prozesuetan, onena konfiantzazko dietista edo nutrizionistarekin kontaktuan jartzea izango da. Gogoratu gure osasunaz hitz egiten ari garela.