GORKA ERRASTI
GORKA ERRASTI

Nostalgia

2026/09/11

Zenbat gustatzen zaigun nostalgia. Are gehiago bizi ditugun garai nahastu hauetan. Ni ere nostalgiko hutsa naiz: 70-80 hamarkadetako musika entzuten dut; eta Goonies, Gremlins, Ghostbusters edo Back to the Future bezalakorik jada ez da ekoizten. 1984. urtea izan zen zinemaren historiako urterik onena!

Baina ezin gara nostalgian uneoro bizi. Berriki egin den Eibarko Diagnostiko Sozialak arrisku hori mahaigaineratzen du. Txostenak dio hiria konpondu gabeko trantsizio batean murgilduta dagoela. Biztanleriaren zati handi bat (batez ere nagusienak eta bertakoak detodalavida) “Urrezko Aroko Sindromean” ainguratuta dago. Sindrome horrek pasatako garaiak erromantizatzeko abilezia du. Dena zen zoragarria, lasaia eta alaia; orain, ordea, dena da iluna, grisa… eta noski, ez segurua. Segurtasuna ere koktel berean sartzea gustatzen zaigu eta. 

Soziologikoki, atzera begira ibiltze horrek, jada exisistitzen ez den hiriaren aldeko dolua egitea eragozten digu. Gainera, arriskutsua da, aniztasun demografikoa herriaren esentziaren mehatxutzat hartzen duelako. 

Diagnostiko berean, Udaltzaingoak azken urtean egindako esku-hartzeen ikerketa egin da. Eta XXI.mendeko gizarte gehienetan gertatzen den bezala, segurtasun ezaren eta beldurraren pertzepzio subjektiboak ez dira datuekin korrelazioan jartzen. Delinkuentzia inzibismoarekin nahastu ohi dugu.

Horrek guztiak, gainera, diskurtso erraz eta eskuinekoekin bat egiteko arriskua du. Kalean iskanbila edo liskarra jatorri atzerritarreko eibartarrek egin badute, lehen eibartarrak jatorrak ginela esango dute batzuk. Oraingo eibartar berriak maltzurrak izango bailiran eta denak saku berean sartuta. Noski, aurreko hamarkadetan gertatutako borroka eta liskarrak ahaztu edo leunduta. 

Arroxa koloreko nostalgia hori atzean uzteko unea da. Elkarbizitza landu eta praktikatzeko garaia. Batak bestea aitortzeko ordua. Nostalgiak ez du oraina modu objektiboan ikusten uzten. Nostalgiak etorkizuna berrasmatzea eragozten du. Iragana aintzat hartuko duen etorkizun berri bat denon artean josi behar dugu. Eibar trantsizio horretan dagoen hiria da eta iparrorratza dugu faltan.