Jaione Alberdi Gabilondo
On Pedro Laskurain parroko jaunari gutuna
2026/10/06
On Pedro Laskurain parroko jauna:
Berorika ariko naiz, berorrek hala gustuko izango duelakoan, eta plaza honetan, publikoki. Izan ere, berorrek ere aldaretik jendaurrean jardun zuen.
Bada denboratxo bat berorrek gure amaren hileta-elizkizuna egin zuela. Eta hartan, esan beharra dago, parroko jauna, ez genion berorri maitasun, samurtasun, gertutasun, erruki edo gizatasun zipitzik antzeman. Ez, gure amak ez zuen biatikoa edo biderakoa hartu, eta azken aspaldian elizara ere ez zen joaten, eta hori berorren ustez ez dator bat hileta-elizkizuna egin nahi izatearekin: guztiz ulergarria. Baina horrek ez dio berorri eskubiderik ematen inor epaitzeko, eta, oraindik gutxiago, kondenatzeko. Gure ama bere garaiko alaba zen, eta elizkizuna nahi izan zuen; nor da berori inor epaitzeko?, zer daki berorrek inoren barruan dagoenari buruz? Fedea gauza intimoa da. Hileta-elizkizun hura ez zen inoren aldekoa izan; zer demontre!, horretarako santujalea edo berorren kordakoa izan beharra dago?
Nago Elizaren barruan zenbaitek Erdi Arora eraman nahi gaituztela, hainbeste sufrimendu eta beldur eragin duen Eliza ilun eta bihozgabe hartara.