Onak vs txarrak eta “Eibar Opina”
Errealitatea sinplifikatzen duten narratibak gero eta ohikoagoak dira. Horietan, etsai argi bat ageri da, erraz identifika dezakegun mehatxu bat eta irtenbide erraz bat. Gaur egun bizi dugun bezalako garai ziurgabean, sinplifikazio hauek kontrol sentsazioa sor dezakete, mundua “on” eta “txar” artean banatzen dutelako eta ondoez honi berehalako azalpena ematen diotelako.
Eta bai, ondoeza existitzen da; prekarietatea, etxebizitzarako eskubidea ez izatea, indarkeria matxista gure azalean sufritzeak… Horrek denak ondoeza dakar. Baina ez gaitzatela engainatu, frustrazio hau beste herrialdeetatik datorrenaren kontrako gorroto bihurtzeak ez du inoren egoera hobetzen. Pertsona zaurgarriak seinalatzeak eta kanporatu nahi izateak ez ditu gehiengoaren baldintzak hobetuko. Pertsona zaurgarrienen bizitzak babestu eta sostengatzeak, aldiz, bai.
Honekin batera, gero eta gehiago zabaltzen ari den ideia batek kezkatzen nau: feminismoa edota LGTBIAQ+ mugimendua ondo bizi direnen kezka dela, arlo ekonomikoa ziurtatuta dutenen borroka. Indarkeria matxistari aurre egitea bigarren mailako borroka izango balitz bezala, luxu ideologikoa.
Horren adibide argia ikusi dut aste honetan “Eibar Opinan”: argazki bat, bandera LGTBIAQ+-a margotuta duen banku bat eta ondoan konpondu gabeko errepide bat. “Lo que se gasta en eso –bankua seinalatuz-, no se invierte en esto –errepidea-. Berriro ere tranpa bera. Beste etsai bat, batzuk ondoezaren errudun bezala identifikatu dutena.
Baina guk argi daukagu borroka desberdinak ez daudela lehian, elkar gurutzatzen dutela. Izan ere, Eibar Opinako adibidearekin jarraituz, herriko errepideak egoera txarrean egotea utzikeria instituzional bezala irakur daiteke. Baina utzikeria horrek gorputz jakin batzuei eragingo die gehien, hala nola, gaizki komunikatutako auzoetan daudenei, garraio publikoan mugitzen direnei (sarritan zutik edo gerrikorik gabe), edota herriko errepideetatik mugitu behar diren langileei. Eta, bai, sorpresa, honek zuzenean eragingo die pertsona arrazializatu eta migratuei, emakumeei* edota kolektiboko pertsonei. Prekarietate arrisku handiagoa dutelako eta dugulako.
Amaitzeko, Bell Hook-en esaldi bat ekarriko dut “Maitatzea erabakitzea beldurraren aurka egitea da”. Beharrezko esaldia beldurra, konfiantza eza eta gorrotoa nagusitzen ari diren honetan. Feminismoa boterea birpentsatzeko tresna delako eta gorputzak, bizitzak eta gure herria beste era batean antola daitezkeela erakutsi digulako jarraituko dugu borroka honetan. Feminismotik beste mundu bat eraikiko dugulako.