Eneritz Iruretagoiena - ITAIAko kidea
Eneritz Iruretagoiena - ITAIAko kidea

Oraindik ez naiz ohetik altxatu

2026/11/20

Esnatu naiz. Alarma itzali, begiak erdi itxita mugikorra hartu eta Instagram ireki dut. Lehenengo bideoa: gizon bat emakumeek nola jantzi behar duten azaltzen. Hurrengoa. Beste bat, emakume batek bikotekide ona izateko zer egin behar duen esaten. Hurrengoa. Emakume baten argazkiak baimenik gabe zabaldu dituztela dioen albistea. Hurrengoa. Beste eraso matxista bat. Hurrengoa. Erailketa bat. Hurrengoa?

Ez dakit zerk ematen didan amorru handiagoa: egunero horrelakoak irakurri behar izateak edo horiek guztiak gero eta normaltasun handiagoz hartzen ditugula ikusteak. Emakumeon gorputzak eztabaidagai bihurtu dituzte, gure bizitzak epaitzeko eskubidea dutela sinetsi dute, eta edozein astakeria esateko askatasuna aldarrikatzen dute. Bitartean, diskurtso horiek indarra hartzen dute, eta emakumeon aurkako jarrerak gero eta onargarriago bihurtzen dira.

Baina ez gaitezen engaina. Ez gara sare sozialetako lau gizonen iritziez ari. Emakumeen argazkiak partekatzeko foroak sortzen dituztenez, ezkutuan grabatzeko kamerak jartzen dituztenez eta erasoak egin ondoren lasai asko jarraitzen dutenez ari gara. Eta, batez ere, hori guztia ahalbidetzen duen inpunitateaz.

Zerk ematen die horrela jokatzeko ausardia? Nork sinetsarazi die emakumeekin nahi dutena egin dezaketela? Erasotzaileek jakin badakite, askotan, beren ingurukoen babesa izango dutela. Batzuek erasoak justifikatuko dituzte, beste batzuek garrantzia kenduko diete, eta gehienek beste aldera begiratuko dute. Isiltasun hori ez da neutrala. Erasoak normalizatzeko eta erasotzaileak babesteko balio du.

Baina badago kezkatzen nauen beste kontu bat ere. Eraso bakoitzaren ondoren, emakumeoi eskatzen zaigu kontuz ibiltzeko, arriskuak saihesteko eta geure burua babesteko. Ardura gure gain jartzen da berriro. Eta ez da kasualitatea: emakume langile askok ez dute indarkeria egoeretatik ateratzeko baliabide ekonomikorik, etxebizitza eskuratzeko aukerarik edo behar duten babesik. Beraz, ez gara jarrera matxista jakin batzuez soilik ari, emakumeon menpekotasuna eta babesgabetasuna betikotzen dituzten baldintzez ere ari gara.

Baina amorrua ez da nahikoa. Eraso bat salatu, albistea partekatu eta hurrengora pasatzeak ez du egoera aldatuko. Erasotzaileei aurre egiteko, haien inpunitatearekin amaitzeko eta emakume langileon bizi-baldintzak eraldatzeko, indarrak batu eta antolatu beharra dago.

Bihar ere esnatuko naiz, mugikorra hartu eta, seguruenik, antzeko zerbait irakurriko dut. Baina bihar ez dut amorrua pantailaren beste aldean utziko.