Palestinako auziaz
Bi urte dira jada urriaren 7 hartatik. Bi urte Israelek Gazaren aurkako erasoaldia abiarazi zuenetik eta, horrekin batera, Palestinako lurretan izugarrizko sarraski eta masakrea gertatzen ari denetik.
Gainera, basakeria hau ezkutuan egin nahi izan du Israelek, Gazako komunikazio seinaleak blokeatuz eta kazetariak kanporatuz. Eraso militarraz gain, Israelek Gaza setiatu eta oinarrizko produktuen, elikagaien eta laguntza humanitarioaren sarrera ukatu du. Horren adibide dira laguntza humanitarioa zeramaten ontzien aurkako erasoak eta bertan zihoazen aktibisten atxilotze eta deportazioak.
Testuingurua hau izanik, gero eta jende gehiago entzuten da bakea eta elkarrizketa ospatzen, Palestinako genozidioaren testuinguruan Trumpek bere proposamena egin zuenetik.
Orain palestinar estatua onartzen omen dute batzuk, baina zer estatutaz hitz egin daiteke? Gaza suntsituta eta Zisjordania 700 mila kolono israeldarrez beteta dagoenean?
Urriaren 10ean lortutako su-eten akordioa gerraren fase berri baten parte da. Herri palestinarraren aurkako genozidioak beste forma batzuk hartuko ditu orain, ez hain zuzenak, baina herri gisa desagertzera bideratuak.
Akordio horrek ez dio askatasunerako bermerik eskaintzen Palestinari, eta ez du genozidioa geldituko. Batetik, Israelek behin eta berriro frogatu duelako garbiketa etnikoa azken bururaino eramateko asmoa duela, eta akordioren batera iritsi denetan ere, ez duela hitza betetzen. Oraingo akordioa sinatu ondoren, Gaza bonbardatzen jarraitu zuen, esaterako. Bestetik, akordioak ez diolako bidea itxiko kolonizazio sionistari.
Israelen izaerak eta historiak erakusten digutenez, bi estatuen aterabidea ilusio faltsua besterik ez da. Israelgo aparatu politiko-militarra desegin beharra dago palestinarrek erabaki ahal izateko; hau da, lurralde osoa ibaitik itsasora deskolonizatzeko. Ez dago genozidioa gelditzerik, genozidak irauten badu.
Bestalde, Palestinar erresistentzia defendatu behar dugu. Gaur gaurkoz, Palestinar herria guztiz desagertu ez bada, milaka palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan da.
Jarrai dezagun Israeli boikota egiten, genozidioa salatzen eta konplize guztien aurka kaleak hartzen. Palestina askatu! Israel desegin!