Malen Illaramendi
Malen Illaramendi

"Postureoa"

2018/04/06
“Posturea para que el mundo lo vea”... dio abesti ezagun baten izenburuak. Eta horixe da kontua gaur egun, ahalik eta jende gehienak ikustea zein “zoriontsuak” garen, gauden lekuan gaudela. Ikustea zelako janari goxoa irentsiko dugun modako jatetxean; ikustea zein lagun eta familia onak ditugun; ikustea zein arratsalde zoragarria pasa dugun dendaz denda dirua xahutzen; ikustea zein kontzertu zoragarritan egon garen; ikustea gure oporrak zein paradisiakoak diren... Eta, horrekin batera, jendeak atsegin dut botoiari sakatzea, zenbat eta gehiagotan hobe, harro-harro senti gaitezen garenarekin, daukagunarekin, egiten dugunarekin, hitz batean, geure buruarekin. Teknologiak erraz jartzen digu ikusarazi nahi duguna bistaratzeko aukera: klik bakar bat eginez zoriontasunaren paradisuan kokatzen gaitu, zoritxarrik ez duen erakuslehioan. Arazoa zera da, oraindik ez dela iritsi erakutsi nahi dugun hori egia bihurtzen duen tramankulurik; izan ere, ez didazue ukatuko nahi baino gehiagotan guk erakutsitako argazkietako jatekoa irentsiezina izaten dela, lagunekin haserrealdiak izaten ditugula, erosketa-egunak gogaikarriak izan daitezkeela, kontzertua hutsaren hurrengoa izan daitekeela, eguraldiak oporrik zoragarrienak zapuztu ditzakeela... ezta? Denok dakigu zein errealitate ezkutatzen den igotzen dugun argazki bakoitzaren edo idazten dugun hitz bakoitzaren atzean. Baina... besteak konturatzen ez diren bitartean, guk plantak eta itxurak egiten jarraituko dugu, eta ondo etorriko zaigu “e-berba” lehiaketako hitz irabazlea gure egunerokoan dugun postureoa izendatzeko: plantitxura.