PSOE: Maricarmen eta oportunismoa
Azken asteko gertakariek joko-zelai politikoa erabat aldatu dute. 87 urteko emakume baten etxegabetzeak aspaldikoa den auzi bat azaleratu du: gizarte honek gehiengoa miseriara kondenatzen du. Errealitate krudel horren aurrean, kolore bateko zein besteko alderdiek beren makineria martxan jarri dute, etekin elektorala ateratzeko asmoz.
Egin dezagun memoria pixka bat: zer gertatu da azken urteotan etxebizitzaren auziarekin?
• Historiako gobernu progresistenaren agintaldian (2018-2026), 269.000 etxegabetze izan dira.
• Etxebizitzen prezioek %50 eta %55 artean egin dute gora.
• Etxerik gabeko pertsonen kopurua %24,5 igo da 2012tik hona.
Hala ere, ezin gara Estatuaren egoerari erreparatzera mugatu; hemen bertan dugun egoera ere larria baita, eta agintean dauden alderdiek ezer gutxi egin baitute arazoari irtenbidea emateko. Horren erakusgarri da EAJk gobernatzen duen hiru lurraldeetan eta PSOEk gobernatzen duen Nafarroan, batez beste, egunean 3,6 etxegabetze gauzatzen direla; hau da, urtero 1.300 familia baino gehiago geratzen dira kalean.
Eta zer egin dute egoera tamalgarri horri aurre egiteko? Kaleko aldarrikapenak baztertu, eta errentistei beherapen fiskal gehiago ematen dizkien dekretu bat aurkeztu, beren aurpegia zuritzeko.
Ogi-apurrengatik borrokatzen jarraituz gero, jai dugu. Hori da azken egunotako gertakarietatik atera dezakegun irakaspen nagusietako bat. Benetako aurrerapausoak emateko, anbizioz jardun behar dugu; etxebizitzaren kasuan, espekulazio mota guztiei aurre eginez.
Nola? Besteak beste, honako neurri hauen bidez:
• Espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, ezin baitugu onartu oinarrizko beharra den etxebizitza gutxi batzuen esku pilatzea.
• Espekulazioa debekatzea, errotik moztu behar baitugu etxebizitzari erabilera espekulatiboa eman nahi diotenen negozioa.
• Etxebizitza-politika behar sozialen arabera planifikatzea, gure beharrak erdigunean jarriz, eta ez irabazietan oinarritutako merkatuaren interesak.
Nazkatu gara promesa faltsuez eta ogi-apurrez. Benetako garaipenen alde antolatzeko garaia heldu da. Horiek lortzeko, ordea, ezinbestekoa izango da agenda elektoraletik eta alderdien interesetatik kanpo antolatuko den langile-mugimendu indartsu bat eraikitzea. Hori izango da hemendik aurrera izango dugun erronka handiena.