Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Roald Dahl idazle galestarra jaio zela 100 urte"

2016/09/23
Roald Dahl eleberri eta ipuin laburren idazle galestarra izan zen, norvegiar jatorrikoa. Arrakastaz idatzi zuen umeentzako zein helduentzako. Haren liburu famatuenetako batzuk: Charlie eta txokolate-lantegia, James eta melokotoi erraldoia, Matilda, Sorginak, Erraldoi on miragarria eta Kiss Kiss.
Bibliografia oparoa eta aberatsa utzi zuen Dahlek, batez ere haur eta gazte literaturan eta horietako liburu batzuk zinemara ere iritsi dira.
Behinola aldizkariko azken alean horrela deskribatzen dute haren obra: “Dahlen istorioak ez dira ohikoak: ironia handiarekin idatzi ohi zuen, istorio gehienetan haurrak dira protagonista, heldu arduragabe edo autoritarioz ingurututako haurrak; ezusteko amaierekin bukatzen dira bere liburuak eta irudimen handiko kontakizunak dira, pertsonaia eta egoera bitxiz betetakoak (sorginak, erraldoiak, fantasiaz betetako lurraldeak, magia…)”
Niretzat pertsonaia kuttunena Matilda da. Haren familia ez da batere eredugarria: aita iruzurgile hutsa, ama telebista zalea… eta Matildari irakurtzea debekatzen diote! Hau da, gaur eguneko haur eta gazte literaturan “politikoki ez zuzena” sailkatuko litzateke obra. Debeku hau izanda ere, Matildak eskolako liburutegiko liburu guztiak irakurtzen ditu ezkutuan bibliotekariaren harridurarako, eta bere arazoei aurre eginik eta gurasoak alde batera utzita, bere andereñoarekin bizitzera joaten da.
Liburu hori eta beste batzuk irakurtzera animatzen zaituztet, ume eta gaztetxo eibartarrak. Pasatu zaitezte Umeen liburutegitik eta kuxkuxeatu bertan haren ohorez jarri dugun interesgunean.