Danel de Prado
Danel de Prado

“ROBADA”

2024/04/29

Neure belaunaldiko jendeari "robada" bat zer den ba al dakien galdetuko banio, ziur asko gehienek lapurreta baten inguruan ari naizela pentsatuko luketela. Hiztegian bilatu behar izan dut euskaraz modu berean ala antzeko termino batekin aipatzen al den (ikastolan gaztelaniazko izenarekin ikasi baikenuen) eta honakoa aurkitu dut: erregu-lurra, erregunerria, erreneurria.

Euskarazko izenek lurrarekin eta neurriekin zerikusia duena iradokitzen digute. Hala da, erregu-lurra Nafarroan historikoki erabili izan den laborantzako azalera-unitatea da, 898,456 m2 izanik bere balioa. Azalera hau erregu bat alerekin ["robo" gaztelaniaz, 28,13 litroko edukieraren baliokidea] eskuz erein zitekeen lur zatiari dagokio.

Egun, baina, laborantza industrialaren teknikekin lursailak hektareaka lantzen diren garaian, neurri-sistema historikoen erabilera anakronikoa iruditzen zaigu, kontu arkaiko bat. Zertara datoz, orduan, matematika eta historia nahasten dituzten azalpen hauek guztiak hasieran?

Joan den asteburuan aitona-amonei bisita egiten izan nintzen neure senideen herrian, Tafallan. Bertan, ohikoa da oraindik lursailak erregu-lurretan neurtzea, baratzeei dagokienez bederen, eta tafallar ugariren antzera, aitona-amonek ere badute haien "robada” bateko lur zatia Zidakos errekaren alboan. Hasierako azalpena lagungarria izan daiteke baratzearen hedaduraren ideia bat edukitzeko.

Han-hemenka landatutako laboreek, negutegi txiki batek, ureztatze-erretenak, txabola txiki batek eta jateko apur baten truke baratza zaintzen duten zenbait katuk osatzen dute leku baketsu hau, lur emankorrezko "robada" hau, aitona-amonek denbora librean bertan egindako lanaren erakusgarri. Beraiei esker, urteetan zehar familiakoak eta lagunak baratzean hazitako barazki eta fruituekin elikatu gara, hein handi batean, bai fresko zein kontserban gordeta.

Egungo kontsumo-ohiturek, ohiko aisialdi-planek eta bizimoduak, ostera, zerikusi gutxi daukate aitona-amonei buruz azaldu ditudanekin. Azkartasuna eta berehalakotasuna gailendu diren aro honetan, arkaikoa dirudi teknologia berririk gabeko eginkizun bat gauzatzea, edota gogoa egiten zaigun horretaz gozatzeko denbora luzez itxaron behar izatea.

Oro har, aipatutako ezaugarriak kontuan izanda, anakronikoa dirudi aitona-amonek baratzearekin duten bizimoldea. Hala ere, hauxe ez al dator bat batzuek modernotzat duten "slow life" edo bizimodu motelarekin, edota alternatiba berritzaile gisa planteatzen den elikadura-burujabetzarekin? Horrenbestez, badirudi oraindik ez dela boladaz pasa "robada" bat eskuz lantzearen ideia eta bere onurak. Zaharrak berri!