Sareek badakite zer egiten duten
Inork ez dio armiarmari arkitektura irakatsi. Haria sortzen du, ia ikusezina, eta badaki non heldu, nola gurutzatu, nola bihurtu egitura. Hariek sarea egiten dute eta sareak trabatu egiten du, azkar dabilena moteldu, ziur doanari zalantza eragin, kideak babestu eta etsaia ehizatu; zaratarik egin gabe, tankeen beharrik gabe.
Euliak, eltxoak, sitsak, labezomorroak, kakalardoak eta kilkerrak jaten omen dituzte armiarmek. Egiari zor, ez naiz oso armiarma zalea eta ez dut gaurkoan zortzi hankako animaliez idatzi nahi; baina, kakalardo eta labezomorro ugari arro-arro dabiltza azken aldian, eta horiek gutxiago gustatzen zaizkit.
Martxoaren 8a dugun honetan, metafora ulertuko duzuelakoan nago.
Hariak izan daitezke Urkizuko parkeko elkarrizketak, lantokiko begirada konplizeak, bileretan altxatzen diren eskuak, afaritako tupper konpartituak. Hariak izan daitezke saretzen gaituzten keinu txikiak eta ez hain txikiak. Izan ere, etxeko sukaldean hasten den haria auzoko plazara iristen da, lantokiko atsedenaldi laburra batzar bihurtzen da eta tupper konpartituek bizitza bizigarriago egiten dute.
Badirudi ez dela epikoa. Baina korrika, azkar, ozen, beldurra eta biolentzia zabaltzen ari diren horien aurrean, epikoa da egunerokotasuna bizigarri egitea, komunitatea sendotzea, aliantzak egitea, antolatzea. Bide horretan, aukera ugari ditugu herrian, eta, orain, bat gehiago: Marasmia Talde Feminista.
Faxismoaren eta eskuin erreakzionarioaren aurrean, martxoaren 8a indar erakustaldia izango da. Eibarko kaleak hartuko ditugu, hariak sortu, sareak eraiki eta egitura sendotu, kakalardo eta labezomorroek ez dutelako lekurik gurean.
Marasmia amarauna egiten hasia da.