Uxue Igarza
“Segurtasun indarrak”
2018/02/27
Zer ote den egun oso bat ilunpetan pasatzea, edo astebete, edo 10 hilabete. Zer ote den inorekin harremanetan ezin jartzea, ezin besteak ikustea, ukitzea, besarkatzea... Zer ote den zure mundua batbatean lauzpabost metro karraturen barruan sartzeko zerratu beharra. Agurtzane eta Ainhoa euskal preso politikoak 9.moduluko komunak garbitzera behartu zituzten eta hauek ezetz erantzun zuten. Maiatzaren 18tik, aste honetara arte, isolatuta, bakartuta, zigortuta egon dira. Granadako kartzelako betebehar sexisten aurka egiteagatik. Emakumezkoen kartzeletan presoak komunak garbitzera behartzen dituzte emakume izate hutsarengatik, izan ere gizonentzat ez da halako araurik. Egia esanda, emakumeen espetxeetan ere “araurik” ez dago, baina funtzionarioen eta zuzendaritzaren aginduak dira. Emakume presoek kartzeletan garbiketa eta joste lanak egin behar dituzte; gizonen kartzeletan, imajinatuko duzuen moduan, ez. Gainera, gizon presoek bestelako lan horiek egiteagatik ordainsaria jasotzen dute; emakumeek, imajinatuko duzuen moduan, ez. Matxismoa emakumeak zigortzeko tresna nagusia den sistema batean bizi gara. Funtzionarioek, poliziek eta gobernuek bortizkeria armatzat darabilten bitartean, beraiek dute genero indarkeriarengatik erasotutako emakumeak babesteko erantzukizuna eta betebeharra. Nola sentituko gara ordea babestuta, beste emakume batzuk erasotzen dituzten horiek artatzen gaituztenean?