OSKAR ARANTZABAL
OSKAR ARANTZABAL

Sozialinperialismoaren paradoxa

2025/10/03

Sarri baino sarriagotan entzun (eta esan) dugu “eskubiko espainiar baten antzekoena ezkerreko espainiar bat dela” (edo, nahiago baduzue, alderantziz).Esamoldea nonbait Josep Pla idazle katalanari egozten zaio.

Munduko langileak…? Karl Marx hil zenean (1883) munduan hirurogei estatu inguru zeuden, gaur egun berrehunen bueltan. Zoritxarreko Palestina edota, dekolonizazio prozesu negargarri baten ostean (1975), sozialinperialismo espainiarrak berriki saldutako Sahara eta beste lurralde batzuk gorabehera. 

Beraz langileak poloniarrak, errumaniarrak, frantsesak, espainiarrak, euskaldunak dira. Maiatzaren lehenengo manifestazioez gain, inoiz ikusi al duzue estatu bateko langileek bestekoak laguntzen? Klasea aberri bat bezala bizi al daiteke? Estatuak berak (eta ez beste inork) ematen ditu eskubide eta betebeharren zerrenda (bai langile, bai hiritarrei). Eta bistan denez, langileon baldintzak asko hobetu zaizkigu estatuen kopurua ugaltzearekin.

Norvegiaren kasua esanguratsua da. 1905ean bere independentzia lortu zuen, 500 urtez (nork dio Nafarroako Estatuarenak antzinako kontuak direla?) Danimarka eta gerora Suediaren menpe bizi ondoren.Suediako gobernuaren gerra nahiei aurre eginez, bertako langileek gerrari ezetz esan zioten, elkartasuna adieraziz norvegiarrekiko. Gaur-gaurkoz biak ala biak punta-puntan agertzen dira munduko ranking gehienetan eredugarri (aberastasuna eta bere banaketa orekatua, genero parekidetasuna, hezkuntza sistemak eta ikerketa, gardentasuna, zoriontasuna, etab.)

Benetako elkartasun solidarioa langile ingelesek eskoziarrekin edota espainolek euskaldun eta katalanekin beharko lukete (eta alderantziz), mundu justuago batera iristeko, klase eta nazio zapalkuntzarik gabekoa. Identitatea eguneroko kontu bat ere badelako.

Frantziako Iraultza (gogoratu hauek monarkia gillotinatik pasa zutela) uniformizazioaren aldeko apustu bat izan zen (izan gaitezen denok frantses!). Zaharkitua geratu den mundu ikuskera horretan, ez da harritzekoa tokiko hizkuntzen kontrako sutsuenak komunista frantsesak izatea (beraien burua modernoago ikustearren oraintsu “intsumisotzat” dutenak). Beste horrenbeste, Pirinioen beste alde honetako kopia txarrean, ustez plurinazionala den ezker konfederalak eta sindikalgintza jakobino zentralistak dituzten jarrerak gai hauekiko: hizkuntza diskriminazioa, gizarte segurantzaren transferentzia, migrazio politikak, gutxieneko soldata eta pentsioa eta abar luze bat. 

Laburbilduz, inoren hizkuntza bigarren mailakotzat hartu edota herri bati erabakitzeko eskubidea ukatzen diona ezin da ez aurrerakoi ez progresista izan. Areago, zapaltzaile gisa, marra gorri eta betoak jarriz, bere izaera ustez demokratikoa zalantzan jartzen hasi behar da berandu baino lehen.