Asmae Ourdi El Alaoui
Asmae Ourdi El Alaoui

Tata Asma, hori ez da euskaraz!

2025/03/28

Kontua ez da euskaraz hitz egin edo bizi nahi ez duela, edo euskaraz jardutea ez duela gustuko, ezta beste hizkuntza batzuk lehenesten dituela ere, orain arte euskaraz hitz egiteko aukera gutxi izan dituela baizik.  

Esan gabe doa pertsona arrazializatuek (pertsona ez txuriak) dituzten euskaraz hitz egiteko ohiturekin lotutako aurreiritzi ugari existitzen direla; besteak beste, euskara menderatzen ez dutela, gai izango ote diren euskaraz hitz egiteko, ez diotela hizkuntzari behar bezain garrantzirik ematen edo euskara ikasi nahi ez dutela. Horren guztiaren ondorioz, nire ilobak, 5 urterekin, bere inguruan euskaraz aritzea zailegia dela ikasi du, gehienetan bere tankeragatik berarekin elkar trukatzen diren lehenengo hitzak gaztelaniaz direlako. Hortaz, umeak euskaraz bizitzeko izan beharko luketen konfiantza eta askatasuna murriztu eta mugatu egin dira euskaraz hitz egiteko dituen saiakerekin  batera. Nirekin arnasgune bat topatu du, non epaitua sentitu gabe euskara erabiltzeko ausardia eta askatasuna duen. 

Zoritxarrez, aurreko lerroetan aipatutakoa ez da kasu puntuala edo soilik umeekin gertatzen den kontua;  nire bizitza osoan zehar nik neuk jasan behar izan ditut mota horietako egoerak, alegia, nire itxuragatik gazteleraz hitz egiten didate “¡Ah! ¿Sabes euskera?”  niregana euskaraz zuzentzeko aldarrikapena egin arren, behin eta berriro.   

Mota horietako esperientziek errealitatea pentsatzen duguna baino gordinagoa dela  agerian uzten dute:  batetik, jarrera edo pentsaera kolonial eta arrazistak barneratuta ditugulako eta, bestetik, erasotua sentitu gabe egoera horiek gertatzen direla onartzeko gai ez garelako. Izan ere, txuria ez den gorputz baten parean gaudela, era indibidualean zein kolektiboan normalizatuta dauzkagun arau sozialen mekanismoak martxan jartzen ditugu. Beraz, estereotipo arrazistak oinarri izanik, pertsona arrazializatuak ezaugarri eta jokamolde txarrekin lotzen ditugu, hain zuzen ere gertatzen ari den hizkuntza bazterkeriaren erakusgarri. 

Adibide gisa, gaur egun eskola publikoetan gertatzen ari den egoera aipatu nahiko nuke, non aurreiritziak eta estigmak direla eta, aniztasuna mehatxutzat hartu eta kalitate gabeko hezkuntzarekin zuzen-zuzenean lotzen den. Ondorioz, arrazializatutako haurtzaroak bereizkerian oinarritutako tratua jasotzen du eta baztertua izan ohi da. 

Gauzak horrela, arrazializatua den pertsona ororekin kontaktua izaten denean gauza bera gertatzen da; ez du axola ume, nerabe, unibertsitateko ikasle edo lan munduko profesionalekin aritzen garen. Izan ere, euskaratik gaztelaniara hizkuntza aldaketa automatikoa egiten da, pertsona horrek euskaraz hitz egiteko duen eskubidearen aldarria egin arren.   

Edozein modutan ere, xedea ez da errudunak izendatzea: kontua da harremanetan jartzean euskararen erabilpenarekiko dugun eskubideaz edozein baliatu ahal izatea. Argi dago zein hizkuntzatan komunikatzen garen guk geuk erabakitzen dugula, baina aintzat hartu behar ditugu beste kolektibo batzuetako pertsonak, arrazializatuak, migratuak, ijitoak... guztia baikara mundu zoro honen partaide.