JOSU AGIRRE
JOSU AGIRRE

Teknikaren magia eta magiaren teknika

2024/04/19

1997, 1998 eta 1999. urteetan gure herrian oraindik bi zinema areto pribatu martxan zeuden: Unzaga eta Rialto. Garai hartan ikaslea nintzen eta, poltsikoan diru pixka bat izateko asmoarekin, uztaila eta abuztua bitartean zine areto horietako makina-operadoreen ordezkapenak egiteko aukera sortu zitzaidan.

Amañako Parrokiako zinean aitarekin operadore lanak ikasi ondoren, nahiko errez egin zitzaidan Unzaga eta Rialtoko proiektoreen oinarrizko funtzionamenduaz jabetzea eta aparatua erabiltzeko gai izatea. Gaur egun Kultu tabernako komedorean apaingarri moduan dagoenaren antzekoak ziren manejatu behar nituen proiektoreak.

Oinarrizko funtzionamendua ikasi nuela esan dut, eta hala zen. Nahiz eta proiekzio osoan zehar han egon behar nintzen, behin aretoko argiak itzali eta proiektorea martxan jarrita, nolabait aspektu teknikoa amaitutzat ematen nuen. Hortik aurrera atentzioa pelikulan jartzen nuen.

Astelehenetik domekara, eguaztenak kenduta, pelikula bakoitzak hamalau emanaldi zeuzkan. Horrek suposatzen zuen hamalau aldiz tragatu behar izan nituela kakaren hurrengoa ziren film batzuk: Armaggedon, Anaconda edo Godzilla… banuen meritua! 

Aldiz, uda batean Benito Zambranok zuzendutako “Solas” film eder eta hunkigarria ematea egokitu zitzaidan Rialton. María Galiana eta Ana Fernándezen interpretazio itzelek espektadoreen bihotz barrenak ederto mugiarazten zituzten.

Horrela, “Solas” eman behar dut gaueko sesio batean, eta aita datorkit bisitan. Ia hutsik zegoen aretora jeisten gara -aita eta biok “solos”- eta segituan hasten zait gai teknikoekin: enkuadrea, soinua, pantaila, argitasuna, kontrastea… nola liteke magia hutsa zerion artelan hura aurrean izan eta gizon honek hain kontu arrunt eta prosaikoekin hastea!

Gerora ikasiko nuen. Egiazko magia sortzeko ezinbestekoa dela aspektu artistikoa eta teknikoa ere uztartzea. 

Pasa den zapatu arratsaldeko Idoia Asurmendiren kontzertuan magia gertatu zen Coliseon. Amaieran, eszenatokitik eskerrak eman zien Idoiak “han goian dauden” teknikariei, proiekzioko kabina seinalatuz. 

Nire semeak orduan:

- “Aitxa, eta Walter?”
- “Walter oraindik gorago dago, maitia”

Ezustean, Walter Tuzzeok, magia sortzen zekien bihotz handiko teknikaria eta laguna, beste behin ere bihotz barrena ederto mugiarazi dit.