Saioa J. San Martin
Saioa J. San Martin

Tradizioa ala sistema sostengatzen duen soka?

2026/06/05

“Tiraka eta bultzaka atera naute etxetik. Ez dakit nora naramaten, zertara. Kamioi antzeko batera sartu eta bertan botata laga naute. Nora noa? Ez dakit. Soka batekin lepotik lotu, eta kalean utzi naute. Zer egiten dut? 

Jendea pilatzen hasi da. Oihuak entzuten ditut, barreak, pausoak. Sokak lepoa estutzen dit. Aurrera egiten dut, egin nahi dudan bakarra ihes egitea den arren. Nik ihes egitea nahi dut. Besteek festa deitzen diote”. 

Sokamuturra. Benetako tradizioa ala sistema sostengatzen duen soka? Pentsatu dugu tradizioa aldaezina dela. Nola aldatuko dugu betidanik existitu den festa bat? Neure buruari galdetzen diot: benetan norbaitek uste du ospatzeko maltratua behar dela? Edo animaliek guk baino eskubide gutxiago dutela zainduak izateko? Noiztik da gure morala zezen batena baino altuago edo baliotsuagoa? 

Sokamuturra ez da ausardia. Ezer ez da kultura beldurra erdigunean dagoenean. Simone de Beauvoir-ek idatzi zuen bezala, “ez da emakume jaiotzen, emakume bihurtzen da”. Agian tradizioekin ere gauza bera ulertu beharko genuke: ezer ez dela sakratu jaiotzen. Eraiki, errepikatu eta mantentzea erabakitzen dela. Zalantzan jar daiteke. Apurtu ere bai. 

Festatzat saltzen digutena zarata da, dardara ez entzuteko. Zezenaren korrika erakusten digute, baina ez haren begiak. Irakatsi digute sufrimenduak gutxiago pisatzen duela inguruan musika, alkohola eta festa badago. 

Plaza dardarka dagoen bitartean, animalia bat ihesi doa. Norbaitek edalontzia altxatzen duen bitartean, beste gorputz batek izuaren esanahia ikasten du. Agian tristeena ez da lepoan duen soka. Ez tiraka daramaten eskuak. Ez irteera guztiak ixten dizkion jendetza. Agian tristeena da konturatzea munstroa ez dela inoiz zezena izan. Munstroa ohitura izan dela. Isiltasuna. Indiferentzia kolektiboa. 

Eta orduan zezena korrika hasten da. Ez du hizkuntza ulertzen. Ez daki zergatik dauden denak haren kontra, baina korrika egiten du. Ihes egiten saiatzen da. Eta momentu horretan, zezena izateari uzten dio. Amorru bihurtzen da. 

Nekea. Memoria. Isilik sufritzera behartutako gorputz guztien sinbolo. Eta gu, harmailetan, geure burua ikusten hasi beharko genuke behingoz. Zeren eta tradizio baten izenean mina normalizatzen denean, ez baitu animaliak bakarrik galtzen bere askatasuna. 

Gizatasuna ere galtzen hasten gara.