Amaia Ereñaga
Amaia Ereñaga

Txaltxa Zelaitik

2025/02/14

Lau hamarkadaren buruan, Txaltxa Zelaiko bankuetan nago. Berriz. Bizitza ziklikoa delako. 19 urterekin herritik alde egin eta, txoko langile, zikin eta bizigarri honi konektatuta mantentzen nauen zilbor-hestea sekula erori ez zaidan arren, azken garaiotan olatu baten barnean murgilduta nagoen sentsazioa dut. Bor-bor, dantzan, sumatzen dudan zerbait da. Zaintza-lanetan surfeatzen nagoelako izango da.

Herritik kanpo bizitza egin dutenen beste asko legez, gurasoak zahartu ahala, gure haurtzaroaren lekuko izan ziren bazterretara bueltatu naiz. Hor gabiltza, nire belaunaldiko asko, atzera-aurrera, gure zaharren pauso geldoei sinkopatuta edo gurpil-aulkiari bultzaka. Munduko bazter urrutienetatik etorritakoekin batera, eta haiei esker, zaintza lanetan. Gu ere, Eibarko populazio ezegonkorraren datuetan zenbatu beharko gintuzkete.

Ataka honetan, gure egunerokotasunaren paisaiek Kalamua, Urko eta Arrate hartu dute mugarri. Untzaga da itsasargia. Eta Txaltxa Zelaiko bankuak, talaia. Alfako sirenaren hots sarkorra faltan  sumatzen dut, baina herriaren erritmoak antolatzen dituzten ordezko erritu batzuk sortu direla ohartu naiz: Ipuruako marmarra, futbol-partidua dagoen egunetan; Untzagatik igotzen den burrunba, astebururo antolatzen diren askotariko festa jendetsuek sortutakoa... 

Urtaroak joan, urtaroak etorri, Txaltxa Zelaiko talaian gure zaharrok eta guk neguaren hotz gorriari tinko eutsi diogu, baita abuztuko beroei ere, nahiz itzalen arrastorik inon agertu ez. Zuhaitz gutxi baitago Eibarren, eta garabi-txanpiñoi asko! 

Berotze globalaren errealitateari muzin egin al dio herri honek? Eremu berdeekin freskotasun oasi txikiak sortu ordez, porlanez lepo bete dituzte bazterrak; eta dauden parkeak, txakurren kaka-leku bihurtu dira. Oinezkoentzat guneak irabazi beharrean, autoak dira nagusi. Disuasio-aparkalekuak, missing.

Ados, apokaliptiko jarri naiz, baina esan nahi dudana zera da: gaur egungo Eibar ez da zaharrentzat egokia. Zahartzen naizenean herrira itzuli nahiko nuke? Ummm, ez dakit ba! Eta zuek? 

Azken oharra, auzoko zaharrek aginduta: Txaltxako bankuak berriztu ditzala Udalak, adinekoek ere gauza politak maite/merezi ditugulako.