AMAIA EREÑAGA
AMAIA EREÑAGA

Tximeletak

2026/02/19

Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren egunean edo Martxoaren 8an, hedabideotan sarritan erabili izan dugu Indalezio Ojangurenen irudi bat: 1933ko azaroaren 5eko hauteskundeetan aterata, euskal emakumeak bozkatzeko eskubidea izan zuten lehen aldikoa da. Hiru baserritar, buruzapia dotore lotuta eta lotsaren eta afankerixaren arteko mugan dirudien keinua ezkutatu ezinik, botoa emateko itxaroten daude. 

Interneteko Gure Gipuzkoa atarian aurkitu ditut haien izenak. Botoa ematen ari dena Joseba Gervasia Agirrebengoa da, Aginaga Azpiko baserrikoa; aldamenean ditu Maria Josefa Acha Belaustegi, Aginaga Gainekoa, eta Josefa Suinaga, Suinaga baserrikoa. Botoa emateko kutxaren atzean, Mertxe Magunizelaia. 

Beraz, azaroan, 93 urte beteko dira egun historiko hartatik. 93 urte Ojangurenek gure iruditerian irudi ikoniko hura txertatu zuenetik. Eta denbora luzea dirudien arren, ia mende bat, gure herrian badira bat baino gehiago 93 urteen muga gainditu dutenak. Gizaki bakar baten bizitza igarotzen den denbora tarte horretan zenbat bizipen… eta zenbat eskubide irabazi eta gal daitezkeen. Ez dezagun ahaztu, nostalgia neofaxistaren mamuaren aurrean.

Baserritar haiek lehen aldiz botoa eman zuten urtean jaio zen Matilde Isasi-Isasmendi emagin eta erizaina. Bere biografia gure historia garaikidearen isla bizia izan zitekeen: 36ko Gerra, frankismoaren itzal beltz luzea, askatasunaren aldeko borroka, euskara eta gure kultura sustatzeko ahaleginak, emakumeon ahalduntzerako bidea… 

Matilde eta Tximeletak, bere kuadrillaren ezinena, ekarri nahiko nituzke gogora: Amaia, Marisa, Ina, Pris, Mireia, Malu, Marijo… eta gure ama, Marian. Etxetik kanpo lan egin –etxean ere bai, nahitaez!–, herriarekin konpromisoa erakutsi eta emakumeen arteko ahizpatasuna landu dute beti. Hain beharrezkoa den elkarren zaintzan maistrak dira, emakume asko legez.

Beste bi argazki: bat, Txontako pareta batean ikusi nuena, 50eko hamarkadakoa edo. Norma fabrikako langileak dira, emakumeak, bizikletako urkilak eta koadroak margotzen. Bigarrena: 1938ekoa, Eibarko erraketista gazte talde batek beltzez jantzitako amona bat inguratzen du. Josefa Ignacia Albisu lazkaotarra da, lehenengo emakume pilotari profesionala. Ahizpatasuna eta belaunaldien arteko katea, Tximeleten hegaldian kiribildua.