W.
“Grabazioa berriro mozten badidazu, banoa”. Hori esan nion, gozakaiztu (desafinatu) nuela jakin arren. Ahapaldia edo estrofa berriro intonatu nuen, eta grabazioa moztu zuen. Ez nintzen joan, jakina, banekielako geldialdi hori bere profesionaltasunaren seinalea zela. “Hartzea edo toma ona bada, nahastean gutxiago tratatu beharko da” edo “hobeto egiten ikusi zaitut, beste toma bat egingo dugu”, gehien entzun nion esaldietakoak izango dira.
W.-k Legarreko lokaletako pasilloetatik harrapatzen bazintuen, bazenekien han jarraituko zenuela beste ordu laurden baten gutxienez, nahiz eta presaka ibili. W.-ren xarmaren tentazioan erortzen zinen beti eta, berarengatik balitz, egun osoa egongo zinen bera entzuten, bere azentu ahaztezinarekin. Ezagutu duen edonork badaki hori.
Berarekin izandako azken solasaldi luzean, Zaizoin izandako kontzertu baten ondoren, luze-zabal jardun genuen osasun mentalari buruz, bakoitzak bere buruari jartzen dion exigentzia-mailaren inguruan, eta beste mila gauza tarteko. “Zelan ikusi gaituzu?”, galdetu zidan. “Zoragarria izan da zuek elkarrekin jotzen ikustea berriro”, erantzun nion. “Ba uste dut askoz hobeto egin dezakegula”, esan zidan. “Jendeari berdin zaio eta, hanka sartuta ere, ez da konturatzen; larregi estutzen duzu zeure burua. Garrantzitsuena ondo pasatzea da, gustura egotea”, nik botatakoa. Baina W. horrelakoa zen, goitik beherako profesionala. Txarto findutako kaxa bat izan, akoplatze bat bera, edo jokoz kanpoko tonu bat... nahikoa zen kontzertua zapuzteko. W.-k erraztasuna zuen zuk mila urtetan ikusiko ez zenuena, edo inoiz konturatuko ez zinena, detektatzeko. Bere ezagutza maila eta soinuarekiko sentitzen zuen pasioa urrats bat harago zegoelako beti. Inoiz ezagutu dudan profesionalik handienetako baitzen.
Mila orrialde idatzi nitzakeen W.-rekin bizitako abenturen inguruan. Gure solasaldien inguruan, gure eztabaiden bueltan, estudioan izandako grabazio-saioetan, Vartools-ekin kontzertua eskaintzeko autoan egindako bidaiak protagonista direla. “Arenbila”, “Los Donettes”, “El disco de fuego”... “Nerbixuak” abestiaren leloa edo estribilloa abesten ikusten dut, euskara ezin dominatuz, baina barrez lehertuta ia negarrez hasteraino, bere sinpatiari esker. Maitagarria zen, errepikaezina esango nuke.
Gogorra izango da Legarreko pasilloetara bueltatu eta ez entzutea zelan deitzen dizun, “Daviiiid”, Siziliako bere azentuarekin. Oso zaila izango da lokal hori itxita ikustea, jakinda dagoeneko ez diodala atea jo behar egiaztatzeko bateren bat geratzen den edo ez bertan. W. azkena zelako irteten; horregatik, gaitza egiten da asimilatzea betirako zein azkar joan den. Eta gertukoenen artean lagatako hutsunea, hori bai adierazi ezina.
Maite zaitugu eta inoiz ez zaitugu ahaztuko. Eskerrik asko erakutsi diguzun guztiagatik.
Ciao, Maestro!!!
Goian Bego, Walter Tuzzeo.