Eibarko Gaztetxeko asanbleakideak
Eibarko Gaztetxeko asanbleakideak

Zer bota nahi dute?

2026/05/29

Zer bota nahi dute? Eraikin bat? Gaztetxe bat? EZ. Udaletxeak ederki planifikatu duen herri eredu ustel honetan ez dago lekurik autogestioa eredu duen gune baterako. Ez dago lekurik politikoki eta sozialki konprometiturik dagoen espazio batentzako. Herritar ororentzat kultura eta jakintza eskuragarria eta kritikoa eskaintzen duen gune batentzat. Eta bai, Eibarren behar-beharrezkoak ditugu horrelako lekuak, denok, gazte zein heldu, gure espazio propioak sortu, garatu, eta gure bizitzen jabeago izan gaitezen.

15 urtean zehar sortutako amets, ekimen eta proiektuak ateratzeko 40 minutu justu utzi; gehienez 3 pertsona “2 chicas y un chico” eta bakoitzak ertzain bat alboan edukiz, ondoren “has tenido tiempo de sacar las cosas” entzuteko, eta nola ez, dena erdera hutsean, indar poliziek duten jarrera ikusita, dagoeneko harritzen ez gaituen zerbait. Aurre abisurik gabeko kaleratze ilegal batek ez du inongo eraginik izango hau aurrera eraman dutenentzat, hori argi dago, baina honen aurrean ez gara besoak gurutzatuta geratuko.

Lotsa besterik ez lukete eduki behar toki denetara argazkitxoak ateratzera joaten diren horiek, Eibarren egin diren obra publiko eta pribatu gehienen exekutatzaileak beti berdinak direnean. Argi geratu da berriro ere Eibarren nork duen boterea eta beste askok zeri dioten beldur. 

Horregatik diogu inoiz baino argiago gune autogestionatuak defendatuko ditugula, hemen zein Euskal Herriko eta mundu osoko beste hainbat lekutan egin den bezala, boterearen eta espekulazioaren zentzugabekeriaren aurka. 

EIBARKO GAZTETXIAK aurrera darrai, autogestioak aurrera darrai, eta beti bezala, bertan burutzen diren ekimenetan parte hartzeko dei bat luzatzen dizuegu Eibarreko zein inguruetako herritar guztioi. Zuentzako ateak irekiak izango dira.

Hurrengo asanblada irekia ekainaren 1ean 19:30ean izango da gaztetxeko atean.