"Zika" (Iokin Elortza, botikaria)

2016/02/26
Azken urteotan ugaldu egin zaizkigu Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) alerta egoerak. Orain dela urtebete Ebola izan den moduan, orain, azkena, Zika birusarena da.
1950eko hamarkadan ezagutu zen Ugandako Zika basoan (hortik izena). Baina Afrikako mugak hautsi eta beste kontinente batzuk astintzen hasi arte, ez da mundu mailako osasun arazo bihurtu. Birusa Flaviviridae familiakoa da eta Aedes generoko eltxoek transmititzen dute. Gurean ezagunena Tigre eltxoa da.
Gaixotasunaren sintomak ez dira larriak. Esan dezakegu gripearen antzekoak direla, sukarra, buruko mina.... Baina azken hilabeteotan, eta honek sortu du kezka, Amerikan jaioberrien mikrozefalia kasuen igoerarekin lotu da. Oraindik zientifikoki demostraturik ez badago ere, nahiko onartua dago lotura zuzena egon daitekela Zika birusaren eta mikrozefalia kasuen artean, eta honek piztu du alarma egoera.
Oraingoz Euskal Herrian lasai gaudela dirudi, baina laster hasiko gara udako bidaiak prestatzen, eta farmazian hasiko zaizkigu galderak eta zalantzak honen inguruan. Berri onak ditugu hauentzat, eltxoen zaztadak ekiditeko erabiltzen ditugun produktu gehienak baliagarriak dira Aedes generoko eltxoentzat, eta beraz, birusaren kutsatzea ekiditen dute.