"Zuriketa eta berdatzea"
Jakina da ekintza klimatikoaren eta, oro har, ingurugiroaren babesaren aldeko jarduna ez dela astebeteko ekitaldi batera soilik murrizten, urte osokoa eta jarraitua izan behar duela honen inguruko lanak. Etxe berean bizi garen aldetik, gainera, guztiok dugu arlo honetan ardura.
Dena den, neuri behintzat, deigarria egiten zait gisa honetako kanpainetan batzuei edo besteei eskatzen zaigun inplikazio maila; idatzi honen aurreneko hitzari erreparatu besterik ez zaio egin behar erantzukizunaren fokua norengan jartzen den ikusteko. Herritar gisa, gure esku ditugun baliabideek uzten diguten heinean, ardura hartu behar dugunik ez dut ukatzen. Hala ere, errudun bakarrak al gara?
Noizean behin, erakunde publikoek autokritika zantzuak erakusten dituzte, zenbait neurri beteko dituztela hitzemanda. Iragarritakoa, baina, ez da beti konplitzen. Eredugarri izan beharko luketen horiek, herritarroi eskatzen diguten ardura hori saihestu dute zenbaitetan.
Azken hilabeteetan gaurkotasuna izan duen gaia dugu hauxe. Zenbait erakundek ingurugiroaren babeserako (ustezko) konpromisoa adierazi ondoren, arduragabekeriaz jokatu dute hainbatetan. Honen adibide ditugu, besteak beste, aurtengo udan izan diren bero sapekin batera kezka areagotu diguten arborizidioak.
Beraz, zer egin genezake herritarrok, haien hitza betetzen ez dutenean? Hasieran aipatutako ekitaldiaren helburuak kontzientziazioa eta mobilizazioa proposatzen zizkigun, beharrezko trantsizio energetikoari eta klimatikoari erantzuteko erreminta gisa. Egiaren orduan, baina, hauek erabiltzeko jartzen dizkiguten trabak ugariak izaten ohi dira.
Zuriketa berdea egiteko lan horrek benetan merezi al du, berdatze politikek zuriketa beharrik ez badute?