Iñaki Zubillaga
Iñaki Zubillaga

"Zuzenean"

2019/05/18
Urduri ari naiz azken bolada honetan. Hemengo kolaborazioa egin beharretik aparte… udaberriarekin jaialdi bereziak hasten direlako. Viñarock-ekin hasi zen denboraldia Albaceten, eta orain Ermuko Vertigo Rock dugu asteburu honetan; eta, behin ekainean sartuta, KnotFest eta Hellfest Nantesen.

Horrelako jaialdi-bezperetan zeozer berezia antzematen duzu gorputzean, txindurriak bazenitu bezala… ezin gelditu.

Gainera, egon naizen azken kontzertuetan ez gara elkartu lagun asko (35, 15, … Saint Vitus-eko kontzertuan ehun ere ez ginen batu…). Rosendo eta Berri Txarrak, biak BEC aretoan, izan dira negu honetan jende gehien bildu dituztenak.

Eibarren ere Coliseo antzokian ez da oso erantzun ona izan musika programazioan, Tubular Tribute-ren kasuan izan ezik. Azken ekitaldiak kalitate handikoak izanda ere, oso erantzun eskasa izan dute.

Portaleko domeketako proposamenetan, ordea, kostraste izugarria erakusten du: beti topera. Eguna, ordua, musika mota, promozioa, prezioa,… auskalo zein izan daitekeen giltza Coliseokoaren joera aldatzeko.

Horrelakoa da musika zuzeneko beste aldea: neguan basamortu bezala eta udaberriko festibaletan jende mordoa, hala da!!

Bueno ba... esatera nindoana: Kriston kartela antolatu dute Ermuko lagunek Vertigo Rock jaialdirako. Herriko gazte talde bati esker 13. edizioa egingo dute zapatuan.

Aurtengo kartelean hardcore, punk, ... hainbat motako taldeak daude. Betiondoko zelaigunean, arratsaldeko 16:00etatik aurrera 10 aukera egongo dira taula gainean: Lehiotikan eta Gatillazo dira hortik talde interesgarriaenak niretzat.

Honako kolaborazioa amaitzera nindoala berri bat jaso dut: domekan Untzagan, Eibar Foball Taldeak goi mailan bere bosgarren denboraldia arrakastatsu amaitu duela-eta, hori ospatuko dutela. Gatibu eta SuTaGar-ekin... Gogorra benetan!!! Ba, gozatu!!!