Gaur egun eibartar guztiok ondo ezagutzen dugun …eta kitto! astekaria 1988. urten sortu zen. Hasierako 3 urteetan Eibarko Udalak izan zuen aldizkaria kaleratzeko ardura. Garai hartako argitalpenak itxura eta maiztasun ezberdinak zituen; hilean behin argitaratzen zen tabloide formatoan eta txuribeltzean, eta Eibarko kiosko eta leku publikoetan banatzen zen.
1992an izen bereko euskara elkartea sortu zen herrian: …eta kitto! Euskara Elkartea, eta honek hartu zuen bere gain aldizkaria kaleratzeko ardura. Hasieran, hamabostero hasi ziren aldizkaria Eibarko buzoietan banatzen, baina laster, 1994an, astero kaleratzeko erabakia hartu zuen Euskera Taldeak.
2008. urtean, aldizkariaren 20. urteurrena aprobetxatuta, alea zuribeltzetik koloretara pasatu zen. Urte horretan Aztiker enpresak aldizkariari buruzko inkesta egin zuen eibartarron artean. Jasotako datuen arabera, 14.000 lagunek irakurtzen dute astero aldizkaria. Eibarko hedabide indartsuena da eta erdaldunek eta elebidunek aldizkarian idatzitakoa jarraitu eta ulertzeko ahalegin berezia egiten dute. Gertutasuna eta
euskaraz kaleratzea dira eibartarrek gehien baloratzen dutena. Euskerari dagokionez, …eta kitto! Euskara Elkarteak hasieratik erabaki zuen aldizkaria eibarrera gizarteratzeko tresna izan zitekeela eta horregatik erabiltzen dugu neurri handi batean.
Harpidetza doakoa da eta 8.150 etxetan banatzen da ostiralero. Aktualitatea, kultura, kirola, elkarrizketak, erreportaiak, informazio orokorra, aisialdia… Eibarrekin zerikusia daukaten albisteak lantzen ditugu astero. Horrez gain, gehigarri bereziak ateratzen ditugu: Urteari errepasoa urte amaieran, Kirolkitto! (Eibarko kirolari onenei emandako Sariak), San Juanetako, San Andresetako eta Arrateetako ale bereziak, Sagardo
eguna…