Julen Leturiondo (Eibarko Koro Gaztea): “Gurea ez da beste koroak bezalakoa”
- Zenbat neska-mutil zarete koro gaztean?
Guztira hamazortzi edo hemeretzi. Orain hiru mutil bakarrik gaude, baina gehiagoren bila ibili gara. Neskak hamalau edo hamabost dira.
- Astean hiru egunetan entsaiatzen duzue. Ez zaizu gogorra egiten hainbeste ordu sartzea?
Gustatzen zaidanez, ez zait gogorra egiten. Gainera Elenak oso atseginak egiten ditu klaseak. Ez dugu pasatzen klase dena abesten. Berba egin ere egiten dugu eta oso giro ona dago.
- Zer abesti mota lantzen dituzue?
Denetik egiten dugu, baina gehien bat gaur egungo pop kantak abesten ditugu. Joan den otsailean Bilboko gospel taldearekin eman genuen kontzertua, eta gospel kantak abestu genituen. Noizbehinka rock abestiak ere lantzen ditugu, baina kororako moldatzen ditugu, solistarik ez izateko. Baina orokorrean pop abestiak kantatzen ditugu.
- Zeinek aukeratzen ditu abestiak?
Eztabaidak izaten ditugu, baina orokorrean Elenak hiru kanta proposatzen ditu eta guk bat edo bi onartzen ditugu. Baina azkenean denok egiten dugu ekarpenen bat. Elenak gustu musikal zabala duenez eta denetik proposatzen duenez, orokorrean ados egoten gara berarekin.
- Zer da korotik gehien gustatzen zaizuna?
Gure berezitasuna da ez garela beste koroak bezalakoak. Jendeak uste du koroak serioak direla, denak beti berdin jantzita doazela, oso lirikoak direla, baina gu ez gara horrelakoak. Datorren hilabetean kontzertu bat daukagu Coliseoan, ikasturte amaierakoa, eta oso landuta dauden janzkerekin joango gara, jendea zirrararazteko, deigarria izateko. Dantzan ere egiten dugu, taldean bi dantzari daude eta hauek osatzen dituzte dantzak normalean.
- Zeinek eman dezake izena Koro Gaztera?
Edozein apunta daiteke. Ez da beharrezkoa izugarrizko ahots polita izatea edo primeran abesten jakitea.
- Etorkizunean musikaz bizitzeko asmoa baduzu?
Agian ezingo dut musikaz bizi. Horretarako norbaiten semea edo alaba izan behar zara. Niri gustatuko litzaidake lan desberdin bat izatea baina musika ez uztea, hobbie moduan izatea. Edo bestela musikarekin harremana duen lana izatea, irratian agian.