Alberto San Emeterio: “Liburu honekin pozik nago, behingoz gustatzen zaidana idazten ari naizelako: Eibarko historia”
Sorkuntzarako sasoi oparoa dihardu izaten Alberto San Emeteriorentzat. Urte hasieran ‘La iltma copa’ liburua kaleratu zuen, tabernetako gaueko giroan lanean ezagutu duen mundua islatuz eta bidean geratu diren lagunei omen eginez, eta orain ‘Donde duerme la memoria’ dakarkigu, nobela historikoa. Lehen edizioa agortzear du, baina erosi nahi izanez gero, Fasprint dendan egin dezakezue. Esker hitzak besterik ez ditu dendakoentzat, eta baita Sandra Jarquin nikaraguarrarentzat ere, berak zuzendu baitu testua.
Eskuan benda jarrita etorri da Alberto San Emeterio. Bizitzako ezbeharrak. Zorionez, liburua eginda eta publikatuta du dagoeneko eta, zentzu horretan, eskuak atseden hartu dezake. Burua, ostera, beste erritmo batera darabilkio, eta irakurleek horrela nahi badute, beste liburu bat idazteko prest dago idazlea, edo hobe esanda, istorio kontalaria, berak horrela ikusten duelako bere burua.
Orain hiru aste kaleratu zenuen liburua. Nolako harrera dihardu izaten?
Ikusgarria! Lehenengo liburuarekin alderatuta, lehen edizioan liburu gehiago argitaratu dira, baina agortzear daude. Gero, ikusiko dut beste edizio bat publikatzen dudan ala ez. Oso pozik nago! Bitxia da, hemendik kanpo ere liburua saldu delako sare sozialen bitartez. Mexikora, Boliviara, Madrilera, Galiziara, Bartzelonara, Valentziara, Sevillara... bidali ditut liburuak.
Lehen liburuak izan zuen arrakastak lagundu du arlo horretan?
Lehen liburua bertan kontatzen zenagatik saldu zen ondo. Oso gertuko istorioa zen niretzat eta kontatu beharra nuen, hitza eman nuelako. Bost edizio saldu ziren, ikusgarria, baina liburu honek ez du zerikusirik. Hori bai, liburu honek lehenengo lanean egindako akatsak konpontzeko balio izan dit. Akats txikiak ziren eta, jendearen kritika eraikitzaileei jarraituz, konpondu egin ditut. Liburu honekin pozik nago, behingoz gustatzen zaidana idazten ari naizelako.
Zer da gustatzen zaizuna?
Eibarko historia. Herriko historiaren zale amorratua naiz.
Nolako historia kontatzen da liburuan?
Lo dauden ahotsen historia. Gure arbasoek ahoz aho kontatzen diguten historia. Nobela historikoa da, asmatutako ukitu fantastikoekin, baina gure nagusiei entzuteko saiakera egin dut.
Kontakizuna hiru sasoitan banatzen da, ezta?
Hori da. Maria Azucenaren istorioarekin hasten da eleberria. Antonio eta bera dira lehen zatiaren protagonistak. 1937ko Eibarko bonbardaketan kokatzen da kontakizuna. Gerra puri-purian dagoela, Eibarko babesleku batean kutxa misteriotsu bat agertzen da, erlikia batzuekin. Erlikiak erlijiotsuak izan daitezke, baina kutsu laikoa ere izan dezakete. Herriko erlikiak babestu egin behar dira, nahiz eta batzuentzat erlijiotsuak izan eta beste batzuentzako ez. Liburu hau ariketa demokratiko bat da, errespetuzkoa. Eleberrian ez naiz inorekin sartzen. Argi ikusten da alde batera jotzen dudala, baina beti dago errespetua.
Gerraren inguruko azalpenak ematen dira liburuan?
Testuinguru horretan kokatzen da, baina Gerra Zibila gainetik pasatzen dut. Irakurleak pentsa dezake garrantzitsuena erlikiak dituen kutxa dela, baina ariketa bat egiten dugu ikusteko memoria dela garrantzitsuena. Ezin dugu ahaztu nondik gatozen, nora goazen jakiteko. Bere iragana ahazten duen herria, hori errepikatzera kondenatuta dago. Eleberrian aurrera egin ahala, Maria Azucenak duen garrantziaz konturatuko da irakurlea. Bestalde, liburuak Eibarko toki esanguratsuak zeharkatzen ditu, eta baita Ermuko (eibartarren eta ermuarren arteko laguntasuna erakusten da) eta Bilboko batzuk ere.
Liburuaren bigarren zatia zein sasoitan kokatzen da?
80. hamarkadako ‘boom’ industrialean. Bertan, Star enpresako komertzial ohi batek (Mateo) eta taberna bateko zerbitzari batek (Julia) zenbait pista aurkitzen dituzte, eta haritik tiratzen dute kutxaren topaketa horretan. Kutxa babesleku batean ezkutatu zen, baina bonbardaketan agertu eta desagertu egin zen. Beraz, bilatu egin behar da eta istorioari zentzua eman behar zaio.
Eta azken etapa?
2025eko Euskal Jaian dago kokatuta, Untzagan. Zergatik une horretan? Aurtengo Euskal Jaia ikusten aurkitu nuelako nobelaren amaiera. Hiru amaiera posible nituen buruan, baina batek ere ez ninduen konbentzitzen. Euskal Jaiko dantzak ikusten, Urko mendira begiratu nuen, mendi-magalera, eta liburuaren amaiera aurkitu nuen. Gure kulturari, hizkuntzari eta sustraiei egin nahi izan diet omenaldia.
Nor da liburuaren azalean agertzen den emakumea?
Aita masoia edo horrelako zerbait nuen, dena mezuen bitartez esaten zuelako. “Garrantzitsuena ez da esaten duzuna, erakusten duzuna baizik”, zioen. Maria Azucena da azaleko emakumea, baina zergatik bera? Zergatik du arma bat eskuetan? Zergatik gerra betebetean? Emakumearen ahalduntzea da, adoretsua, sasoirik txarrenean ere dena aurrera ateratzeko gai dena. Era berean, Gerra Zibilean Eibar babestu zutenak omendu nahi izan ditut.
